Lorabarri Astea, eguenetik aurrera

Julen Iriondo 2018ko api. 30a, 12:36
Iazko Lorabarri Azoka.

Hilaren 12ra bitartean mahai-ingurua, hitzaldiak, tailerrak, ikus-entzunezkoak, irteerak eta azoka izango dira, herriko elkarteek, eskolak eta Udalak antolatuta; Izarkom, Coop57 eta Goiener proiektuei buruzko saioarekin hasiko da egitaraua.

Seigarren edizioa izango du aurtengoa Lorabarri Asteak. Maiatzaren 3an hasiko da, 18:30ean Sastiñan izango den mahai-inguruarekin: Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa –Izarkom–, aurrezki etikoa bultzatzen duen finantzaketa zerbitzu eredua –Coop57– eta jatorri berriztagarridun energiaren merkaturatzea –Goiener– izango dira hizpide, proiektuotako pertsonekin.

Astebururako, berriz, bi irteera daude iragarrita: zapatuan inguruko txoriak ezagutzeko, Mikel Olano basozainarekin – prismatikoak eramatea gomendatzen da–; domekan, ostera, Aramaioko zuhaitz eta basoen berri jasotzeko, guraso elkartearekin batera. Lehenaren hasiera 09:30ean izango da eta bigarrenarena, 09:00etan, parkean.

Bi irteera horien artean, zapatuan, 21:00etan, kultura etxean, A plastic ocean official dokumentala emango dute –gazteleraz–: plastikoak eragindako kutsadurari buruzko lana da, eta arazoarentzako irtenbide proposamenak ere jasotzen ditu.

Astelehenean, hilak 7, klima aldaketari eta ekonomiari buruzko hitzaldia izango da, 18:30ean, Sastiñan, Unai Pascualekin –klima aldaketa ikertzen duen BC3 zentroko ikerlaria–.

Martitzenean, berriz, ordu eta leku berean, Elikagai eta energia autonomia gaztandegian izeneko hitzaldia egingo du Kerixara gaztandegiko Felix Ajuriak. Beren etxaldean egindako koltza hazien erabilera integralaren berri emango du, eta ekonomia zirkularrean egindako urratsa azalduko. Ondoren, gazta dastaketa izango da.

Maiatzaren 10ean, elikadura kontzienteari buruzko saioa izango da jubilatuen elkartean, 17:00etan, Amaia Diaz de Monasterioguren dietistarekin, jatea ekintza "soziala" eta "emozionala" ere badelako.

Egitarauko azken egunean Lorabarri azoka egingo da 11:00ak eta 14:00ak artean plazan: Aramaioko barazki zein ogi ekologikoak, artzain gazta, Udalatx mintegi ekologikoa, Nafarroako olio, ardo eta pasta ekologikoak... 21:00etan kultura etxean, azkenik, Captain fantastic filma emango dute –gazteleraz–: naturarekin harremanean, bizimodu alternatiboa daraman familia baten istorioa da.

San Martin eskolako ekintzak

Eskolan ere egingo dute txoriak ezagutzeko ibilaldia, maiatzaren 8an, Roman Martinezekin; hilaren 10ean elikadurari buruz jardungo du Amaia Diaz de Monasteriogurenek; eta, biharamunean, ikazkinaren txabola egingo dute, Jon Ugarterekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak