Askotarikoak 2018ko inbertsioen artean

Julen Iriondo 2018ko api. 23a, 11:08
Konposterako egituratzailearentzako gunea prestatzen.

Aramaioko auzoetarako ohiko konponketa eta hobekuntzak badaude aurreikusita aurtengo ere; baina beste inbertsio batzuk ere badira aurrekontuan, urterokoak ez direnak, hainbat alorretan: ondarea, osasuna, euskara, azpiegiturak, hondakinak...

Herritarrengan eragin handiena izan dezaketenak beheko argazki eta testuetan jasotako proiektuak izan daitezkeen arren, auzoetako urteroko konponketa eta hobekuntza lanak aurten ere egingo dituzte, eta herritarrak horren jakinaren gainean egon daitezen nahi du Udalak. Lierni Altuna alkatearen arabera, 2.077.605,89 euroko aurrekontuaren nondik norakoak –eta, ondorioz, inbertsioenak– erabakitzerakoan, hainbat irizpide izan dituzte kontuan: herrian "funtzionatzen duten" gauzak "mantentzea, babestea eta indartzea"; lehentasunak zehazterakoan, Udalak antzemandakoez gain, "herritarren ekarpenak" ere aintzat hartzea, lehentasun eta beharren gaineko prozesuan irtendakoak tartean. Beti ere, "Aramaio hobetzen joateko", Udalaren esanetan. 

Antzinako Aramaio, 4.000 euro

Udalak jasota dituen antzinako argazki eta bideo zahar batzuekin lan bat egingo dute, dokumentazio guztia kaleratu eta jendearen esku jarriz.

Kiroldegiko gimnasioa, 1.500 euro

Oso harrera ona izan zuen iaz sortutako espazioak. Erabilerarekin jarraitzeko eta ekintza berrietarako, ispiluak eta soinu ekipoa jarriko dituzte.

Bideen inbentarioaren bigarren fasea, 8.400 euro

2017an hasitako lehen fasea borobiltzen ari dira, eta 2018an bigarren fasea egingo dute, inbentarioa gehiago osatuz eta sor daitezkeen arazoak konponduz.

Hondakinak gutxitzen, 29.300 euro

Kiroldegi atzeko konposterako egituratzailearen gunea txukunduko dute; Ibarran bigarren auzo-konpost gunea jarri; gainerako auzoetan, etxeko konposta bideratu; eta kontzientziazioa.

Euskaraldia, 3.000 euro

Aramaiok bat egin du, eta Udalak adierazi du "bere esku dagoena, bai dirutan zein baliabidetan", jarriko duela, Txirritolarekin eta batzordearekin ekimen nazional hori Aramaion garatzeko.

Eskolara iristeko arrapala, 57.600 euro

Irisgarritasun legeak betetzen dituen arrapala egingo dute, kiroldegiko aparkalekutik. Eskola muino batean dago, eta irisgarritasuna hobetzeko aurrerapausoa izango da.

Desfibriladorea eta formakuntza, 2.500 euro

Lehen sorospeneko formakuntza eman nahi dute herritarrentzako, eta herrian bertan lehen desfibriladorea jarri. Larrialdi egoeretan oso baliagarria izan daiteke.

Ur hornidura, 4.000 euro

Ur sare zaharra du Aramaiok, eta, nahiz eta berritzen joan, ihesak izaten dira tarteka. Herritarrek ihesen ondorioak gutxiago nabaritzeko, motoponpa erosiko du Udalak, hornidura berrezartzeko.

Ibarrako parkea, 125.000 euro

Ur parkea eta txikien parkea: azken hori da parkeko elementuetan okerren dagoena, eta irisgarritasuna hobetzeko beharra ere badu. Ur parkea bero egunetarako, elkargune berria izan dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak