Nolatan suertatu zitzaizun liburua idazteko aukera?
Udaletik sortutako ideia bat da. Cristina Etxenausia kultura zinegotziak eta Lierni Altuna alkateak komentatu zidaten herriko memoria historikoa lantzen ari zirela, eta bazegoela istorio konkretu bat lantzea eta argitaratzea nahi zutena: Tellamendin gertaturikoa, hain zuzen. Gainera, iaz 40 urte bete ziren ordu hartako gertakizunetik eta une aproposa zela esan zidaten.
Eta zu izan zinen aukeratua.
Hori da. Nik historia ikasketak ditudanez, neuri proposatu zidaten, eta nik hasieratik onartu nuen, gogotsu eta ilusioz, gainera. Izan ere, proposatu zidatenean, ez nekien ezer Tellamendin gertatutakoari buruz. Lagunekin komentatu dut eta gehienek ez zekiten ezer. Beraz, uste dut polita dela gazteok herrian gertaturikoa jakitea eta horren berri eman ahal izatea.
Nolakoa izan da liburua idazteko prozesua? Lan handia izan da?
Niretzako arazo nagusia izan da informazio hori ez zegoela inon jasota idatziz. Cristinak azaldu zidan zeintzuk izan ziren protagonista nagusiak gutxi gorabehera, eta nik haien ahotik jaso dut informazioa eta istorio guztiari forma eman diot apurka-apurka. Herritarren testigantzetan oinarritu naiz gehienbat, eta garai hartako prentsa idatziak jasotakoa ere erabili dut –El Pais, La Vanguardia, Deia...–.
Uste baino denbora gehiago behar izan duzue, baina azkenean, aurkeztu da liburua.
Bai. Nire partetik ere ez da izan lan konstante bat. Ni ez naiz kazetaria eta elkarrizketak egiteko denbora behar izan dut. Ahal dudan heinean joan naiz informazioa batzen eta istorioari forma ematen. Egia da 2017an argitaratzea eta aurkeztea zela hasierako asmoa, 40. urteurrena aprobetxatuta. Baina era berean, egia da hasierako asmoa aldizkari moduan argitaratzea zela. Azkenean, pentsatzen genuena baino informazio gehiago batu genuen, luzatu egin zitzaigun kontua, eta liburu formatuan publikatzea erabaki genuen. Hori dela eta, denbora apur bat gehiago behar izan dugu.
Zer kontatzen du liburuak? Nola dago egituratuta?
Gurutzea 1935. urtean jarri zuten Tellamendin, baina ez naiz gehiegi zentratu hasierako urteetan. 1976ko abenduaren 31n aramaioar batzuek ikurrina handi bat jarri zuten gurutze horretan. Izan ere, beste borroka batzuekin batera, garai hartan ikurrinaren aldeko borrokak indar handia zuen Euskal Herrian. Ikurrina jarri eta biharamunean, baina, Guardia Zibilak gurutzea bota egin zuen, bonba batekin. Horrek egunean bertan ekarri zuen erreakzioa herriaren partetik. Manifestazio bat egon zen Aramaion, zerbitzu eta komertzio guztiak itxi ziren, eta Udal Gobernuak zehaztu zuen egun horretatik aurrera berriro jarri behar zela gurutzea. Julian Unzueta zen alkate garai hartan eta Guardia Zibilarekin hainbat konfrontazio eduki zituen. 1977ko martxoan, azkenik, gurutzea berriro altxatu zuten, zenbait herritarren inplikazioarekin.
Hori guztia herritarren ahotan.
Gehienbat bai. Batez ere protagonista izan zirenen anekdotak kontatzen ditu liburuak, gertakari hark zer suposatu zuen haiendako eta abar.
Gurutzea berriro altxatu zen. Baina ikurrina ez zen berriz jarri, nahiz eta urte hartan legeztatu.
Une hartan ez jartzea erabaki zen, luto moduan. 1977ko urtarrilaren 17an legeztatu zen ikurrina, eta kasualitatez, Aramaio da legeztatu ostean ikurrina udaletxeko balkoian jarri zuen lehenengo herria. Julian Unzuetak dio hurrengo egunean dagoeneko balkoian zegoela. Hala ere, lehen esan moduan, herriak lanean jarraitu zuen gurutzea berriz altxatzeko.
Garai hartan tentsioa nabaria zen Aramaion?
Herriaren gehiengo zabal bat inplikatu zen gurutzea altxatu zedin, batez ere gazteak. Ikurrina legeztatu aurretik konfrontazio handiak zeuden, eta legeztatu ostean, egoera aldatu egin zen. Guardia Zibilak gurutzea bota izanak asko batu zuen herria, eta Frankismo garaian ematen ziren konfrontazio guztiak asko baretu ziren. Herritarrek ardura hartu zuten herriko arazoei euren kabuz aurre egiteko, eta nolabaiteko batasuna sumatu zen.
Horri lotuta egon daiteke liburuaren izenburua?
Hori da. Eta ez da nire planteamendua, Lierni Altunarena baizik. Seguru egon zirela honen aurretik beste mila istorio Aramaion, baina formatu honetan idatzi den lehen liburua denez, titulu hori jartzea erabaki genuen. Horrekin irudikatu nahi izan dugu nola horrelako gertaerek herria batzeko eta josteko balio duten, eta era berean, herriaren izaera osatzeko.
Bukatzeko, zer azpimarratuko zenuke? Nola animatuko zenituzke aramaioarrak liburua erostera?
Gaur egun gazteoi ez zaigu gehiegi bultzatzen gure herrian gertaturikoa jakitera, eta ez dugu jasotzen informazio hori. Beraz, liburu hau modu bat da gertaera horietako bat behintzat ezagutzeko eta horretatik ikasteko.