Lehiaketa honetan musika, rapa edo ikus-entzunezkoen arteko fusioa lantzea da oinarri nagusia, beti ere, euskara ardatz hartuta. Egitasmoak bi eragin eremu ditu: hezkuntza arautua eta aisialdia. Lehenengori dagokionez, Arabako institutuetan –DBHko 3. eta 4. mailetan batez ere– lau ordutako murgiltze saioak burutzen dituzte, eta ondoren, ikasleen ekoizpenak taularatzen dira bertso saio parte-hartzaileen bitartez.
"2017-2018 ikasturtean 1.500 gazterengana iristea espero dugu murgiltze saioen bidez; iazko institutu guztiak eman diote jarraipena ikasturte honetan eta Aiaraldean zein Arabar Errioxan eremu berrietara iritsi gara. Horrez gain, bideo klip lehiaketaren bidez parte-hartzea handituko dela aurreikusten dugu". Azken horri dagokionez, taldeka (3-8 lagun) bideoklip bat egin beharko dute parte-hartzaileek, bertso musikatuekin edota rap edo abestiei letrak aldatuta. Maiatzaren 4a baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak, eta maiatzaren 12an BBG eguna egingo dute Legution.
Lehiaketaren oinarriak eta informazio guztia nibanaxarabakoa.eus webgunean daude.