Aramaiok ere bat egingo du Euskaraldiarekin. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den Euskal Herri mailako ekimena da Euskaraldia, hamaika egunez euskaraz jardutea helburu duena. Euskara Batzordeak hala erabakita, herritarrei ekimenaren nondik norakoak azaldu dizkiete Lierni Altuna alkateak eta Rosa Mondragonek, Euskara teknikariak, eta Aramaion ekimenarekin nola bat egin adosten hasteko lehen urratsak egin dituzte lehen bilera horretan. Hamar bat lagun elkartu dira. "Lehenengo bilera izateko, kopuru polita da", adierazi du Altunak.
Euskararen jakintzari eta erabilerari dagokionez, zehaztu du %84 inguruko jakintza dagoela Aramaion, eta %63ko erabilera. "Hor tarte handi samarra dago. Euskara hizkuntza kolonizatu bat da eta etengabeko kontzientziazioa eskatzen du. Alde horretatik, Euskal Herri mailako ekimen hau, instituzio ezberdinak inplikatuta egonik, interesgarria iruditzen zaigu", dio.
Aste honetakoa lehen urratsa izan da, baina ekimena gauzatuko denera arte, lan handia dago egiteko oraindik. "Honek eskatzen duena da herri mailako eragile ezberdinen parte-hartzea eta aliantzak sortzea ahalik eta talde eta norbanako gehienekin".
Talde dinamizatzailea
Ekimenarekin bat egin ostean, nola gauzatu erabakitzea izan da hurrengo urratsa. Horretarako, talde dinamizatzaile finko bat sortzea adostu dute. "Behin taldea sortu eta indartzen dugunean, kronograma bat egin beharko dugu", dio Altunak. Orain hasita, udaberrian ekimena herrira egokitzea izango da lehentasuna, eta udazkenerako lanak bideratzea.
Apirilaren 11n egingo dute hurrengo bilera, eta ordurako ideia berriak eramatea eta herritar ezberdinen inplikazioa sustatzea adostu dute. Altunak herritar guztiei dei egin die ekimenean parte hartzeko. "Hau herri mugimenduaren bitartez eraman beharko dugu aurrera".
Hainbat proposamen
Euskaraldia gauzatzeko hainbat proposamen ere atera dira mahai gainera. Esaterako, herritar ezberdinak batuko dituen ekitaldi bat. "Ekintza ezberdinak egitea izango litzateke asmoa, rolak aldatuta eta jendea gauza berriak egitera animatuz. Guztia euskaraz, noski", azaldu du Mondragonek. Bestalde antzerki-karaoke bat egiteko proposamena ere egin du herritar batek, "antzezlan ezberdinekin".