Aramaiok badu gertuko herri bat Lapurdin. Uztaritze, Ainhoa, Senpere eta Ezpeletarekin mugan, Aramaioren antzerako herria da Zuraide biztanle kopuruz. Eta bila hasita, izango dituzte antzekotasun gehiago; esan gabe doa, hizkuntza bera ere badute, bakoitzak bere aldaeran, nahiz eta euskararen erabilera eta egoera desberdina izan batean eta bestean. Aramaio neurri handi-handi batean da euskaldun; Zuraide ere hala izatea nahi lukete batzuek, eta hori da, hain justu ere, bi herrien arteko loturak sendotu nahi izatearen abiapuntua.
Zuraide Indarrean taldeak euskaltzaletasuna du ezaugarrietako bat. Hango kide izandakoa da Susana Axpe, ia hiru hamarkada Lapurdin daramatzan aramaioarra; orain ere bertan dihardu, berriz, Elisabeth Anduezak –lagun minak dira, gainera–. Baliagarri dira euren azalpenak Aramaioren eta Zuraideren arteko harremanaren nondik norakoak ulertzeko: "Zuraide ez da herri euskalduna; euskalduna zen, baina euskara hizkuntza bezala ez da erabiltzen, eta pena handia dugu; gu gara euskaraz ari garen azkenetako batzuk, eta pentsatu genuen elkartzea euskaraz ari den herri batekin; Aramaiorekin pentsatu genuen, Susanari esker, eta hasi ginen harremanetan. Biziki aberatsa da", dio Anduezak.
Beste saiakera bat ere bai
Nafarroako Igantzirekin ere saiatu ziren lehenago, baina, lehen hartu-eman bat eduki arren, lotura ez zen gauzatu. Aramaiorekin gehiago: 2015eko apirilean herrian izan ziren lapurtarrak –Gure Esku Dagok antolatutako Joste Eguna zen, gainera, eta festan zuzenean parte hartu ere egin zuten, aramaioarrekin batera kantuan, adibidez–; 2016ko urrian berriz ere etorri ziren Zuraidetik, kasu hartan, Alaiki taldeko dantzariak, Lagun Artean dantza taldearen 60. urteurrena zela-eta antolatutako ospakizunetan parte hartzera; iaz, uztailean, Aramaioko ordezkaritza bat, Udalekoa eta Txirritola elkartekoa, Zuraideko festetan izan zen gonbidatu; eta aurtengo urtarrilean, Lagun Artean dantza taldeko kideak izan dira han bertako dantza taldearekin batera emankizuna egin dutenak.
Zinegotzi bat
Zuraide Indarrean taldeak zinegotzi bat du, gaur egun, herriko udalbatzan; hamahirutik bat. Eta bakarra izan arren, bada taldearen nahia Udala euskalduntasunez kutsatzea. Askorik ez dute lortu, orain arte, ez behintzat, zehazki, Aramaiorekiko gaiari dagokionez: "Bai, nahi genuke harreman honi udalek izaera ofiziala ematea, baina gurea ez da horretarako prest egon orain arte; ez da euren lehentasuna".
Udalean pisu handiagoarekin edo txikiagoarekin, dena den, harremanean "sakontzea" da lapurtarren nahia; Udaleko ordezkaritzatik harago suma daitezkeen baikor izateko zantzuek animatuta, gainera: "Irudi luke, hala ere, Zuraiden xede hori badela, euskaraz berriz ere hitz egitea eta hizkuntza errekuperatzea. Hori sentitzen da, baina indarrik egin gabe, erraz gal daiteke hori… Aramaiorekin harreman hau izatea bide bat liteke. Eta uste dut ongi abiatu dela… Hona heldu direlarik aramaioarrak, hemengoak bortxatuak dira euskaraz hitz egitera, eta gero beharra sentituko da, behar bada, gero eta gehiagotan. Bide bat da hau, beharko dira beste batzuk topatu, baina…".
Zuraidekoek nahi dute: "Uste dut guk badugula asko ikasteko haiengandik"; eta aramaioarrek ere bai: "Esaten dute eurek ere badutela zer ikasi gugandik"; Anduezak dio dantza kontuetan, adibidez, aramaioarrek esan dietela eredu litezkeela eurak.
Txirritola elkartea
Hortik harago, ikasteko moduko asko ikusten ditu Txirritolako Rosa Mondragonek lapurtarrengan –euskara elkarteak ere parte hartzen du harremanotan–, ekimenari dagokionez, adibidez, "euskal komunitate moduan nahikoa mugimendu" dutela eta: "Hara joan garen bakoitzean transmititu digute talde moduan ze indar duten; euskararekin lotuta zerbait dagoen bakoitzean kalera irteten dira, eta erraz biltzen dira 50-60 pertsona ekitaldi horretan, eta beti modu aktiboan, lana egiteko prest, eta indarrak batzeko; nik uste dut zentzu horretan badugula zer ikasi. Hemen dena dugu askoz errazago; bai udalek, bai euskara elkarteek aurrekontu zehatza dute, badute egitura bat, eta han ikusten dugu herria bera dela, euskaldun sentitzen direnak mugitu egiten direla, kalera irteten direla, eta hori oso aberasgarria iruditzen zait".
Eta horrez gain: "Guretzat ere aberasgarria izan daiteke hango ohiturak ezagutzea, gureekin partekatzea, jaiak... Inguruko herriak ezagutzen ditugu, agian, Senpere eta Ezpeleta ondoan daude, adibidez, baina Zuraide ezagutzea deskubrimendu bat izan da, eta beti da aberasgarria". Gainera, joan diren bakoitzean "oso ondo" hartzen dituzte, eta "gozatua, plazer bat" izaten da hara joatea, Mondragonen esanetan.
Etorkizuneko hartu-emanei dagokienez, ezer ez dute zehaztuta, oraingoz, baina jarraitu jarraituko dute: "Dantza taldetik [Lagun Arteaneko kide ere bada Mondragon] badugu asmoa harremanetan jarraitzeko. Nik uste dut zailena erakunde mailan dela, hangoen interesa euskal komunitate bezala delako. Interesgarria litzateke udalen arteko kontaktua ere, aberasgarria delako"; baina... Era batera edo bestera, segi beza bi herrien arteko harremanak urte askoan.
Aramaioko Udala, bai
Zuraiderekiko harremanerako interesa badu Aramaioko Udalak: "Beste Udala prest egongo balitzateke, gu gertu egongo ginateke harremana formalizatzeko, noski", dio Lierni Altunak. Baina hangoak nahi ez izatea ez da gaindiezineko traba; Zuraide Indarrean ere aintzat hartzen du alkateak: "Beraiek izugarrizko lana egiten ari dira euskal kulturagatik eta euskaragatik; orduan, trukerako edozein gonbidapenetarako edo antolatzen duten edozertarako prest, nahiz eta elkarte bat izan". Urtarrilean ere izan zen alkatea Zuraiden.
Antzuola eta Aiherra
Debagoienean, Antzuola dago Iparraldeko herri batekin senidetuta, Nafarroa Behereko Aiherrarekin. Kasu horretan, 1984an bi familiaren bitartez hasitako harremana ofizial bilakatu zuten udalek 2004an – Aiherran ere bertako Udalak ez zuen ordura arte interesik izan–: "Kulturari eta euskarari diogun atxikimendua kontuan harturik, bi herrien errealitate desberdinen artean loturak indartzeko eta, geroan elgarren arteko helburuak eta ekintzak programatzeko eta antolatzeko nahiarekin bideratzen da hitzarmen hau", dio testuak.