Isun proposamen batzuengatik irten zen gaia azken osoko bilkuran: "Basoekin gaizki gabiltza", zioen Mendi eta Ingurumen zinegotzi Jon Ugartek. 200dik gora baso bide kilometro ditu Aramaiok, eta negua luzea eta gogorra joateak eta hainbat egurzalek basotik egurra ateratzeko jarraibideak ez errespetatzeak sorrarazi ditu arazoak eta kezka.
Kontua da aspaldiko eguraldiagatik hainbat bide ez daudela kamioien joanetorriak jasateko moduan; basojabeak eta egurzaleak tratua ixtean, egurra ateratzeko baimena eskatu behar izaten dute Udalean, ezertan hasi aurretik. Eskaera jasota, aguazila joaten da bidearen egoera egiaztatzera, baimenik eman daitekeen erabakitzeko: "Azkar joaten da normalean, egunean bertan edo bi egunen buruan; batzuetan hiru egun behar izaten ditu", dio Jon Ugartek.
Baina denbora luze egiten zaie egurzaleei nahi adina basotan sartzerik izaten ez duten garaiotan, eta euren bezeroak ahalik eta bizkorren hornitu nahiak eramaten ditu eskatutako denbora ez itxarotera, edo baimenik eskatu ere ez egitera ere bai, beste zenbaitetan. Halakoak ikusita, udal ordenantza aldatu beharra ere aipatu zuen Ugartek udalbatzaren azken batzarrean: "Tasak eta bermeak handitu behar dira, txikiak dira; baimena ez dezala baso-jabeak eskatu, baizik eta egurzaleak, kaltea berak egiten du eta; neguan egurra ateratzea debekatu egin beharko litzateke, lehen bezala –negu onak joan direla-eta aldatu zen hori–".
Negurako erabateko debekua ezartzea baino egokiago litzateke halakorik ezarri ez eta uneoroko kontrolerako baliabideak izatea, bai; baina Udalak ez ditu, Mendi eta Ingurumen zinegotziaren arabera, ez horretarako eta ezta bideak mantendu eta konpontzeko ere. Kexu da Udal Gobernua, Aldundiaren Nekazaritza Sailak landa bide izendapena kendu nahi dielako, diotenez, hala erregistratuta dauden baso bideei; eta Mendien alorreko diru laguntzak jasotzeko ere oztopoak: "Orain arte eman izan dizkigute pistak konpontzeko laguntzak, baina iaz esan ziguten pista publiko horiek baso publikoetara iristeko izan behar zirela. Baina gure errealitatea da mendi pribatua dela gehiena". Laguntzak banatzeko irizpideetan herrialdeko errealitate guztiak aintzat hartzea eskatzen du Udalak: "Gu ez gara Araba?".
Jon Ugarte, Mendi eta Ingurumen zinegotzia: "Jende askori eragiten dio gai honek"
Bideen arazoak arduratuta ditu Mendi eta Ingurumen zinegotzia eta Udala.
Askori eragiten dio honek? Herritar asko dago baso ustiaketara lotuta?
Bai, Aramaion lur pribatu asko dago, basogintzarako joera handia dago, jende askok ditu pinudiak, eta, beraz, lur-jabeei eragiten die gai honek, nahiz eta hortik bizi den profesionalik apenas dagoen inor; gehienentzako da osagarri bat euren ekonomian. Beraz, jende askori eragiten dio, nahiz eta ekonomikoki pisu handiko kontua ez izan eurentzat.
Non izan dituzue arazoak bideekin?
Arazoak izan ditugu Gantzagatik Ipizterako bidean, Zubieta aldean, gorrixen bidean, Iturrietara bidean...