Duela bospasei urte heldu zion Udalak Ibarrako alde zaharreko plan urbanistikoari, baina haren lanketa eten egin behar izan zuen, halabeharrez, eta orain hartu du berriro gaia. Planak arau berriak ekarriko ditu, eraikitzerakoan edo eraikinetan lanak egiterakoan kontuan hartu beharko direnak, eta baita proiektu berrietarako aukera ere.
Raimundo Mendiburu arkitektoa ari da gaiarekin, eta plan berezi –PERI deritzona– berriak sor ditzakeen aukeren adibideak –oraindik garatu eta euren bideragarritasuna erabat ziurtatu gabeak– eman zituen herritarrekin egindako aurreneko bileran. Proiektu proposamen horiek duela bospasei urte prozesua martxan jarri zenean antzemandako behar eta herritarren nahietan daude oinarrituta, besteak beste. Adibidez, Nardeaga kaleko 6. eta 8. zenbakidun eraikinen arteko gunean –gaur egun eraiki gabea– plaza bat egiteko aukera jarri zuen mahai gainean arkitektoak, herriak Santa Ana ermita eta Santakruz plaza arteko tartean halako espazio publiko irekirik ez duelako, eta ondo etorriko litzaiokeelako –plazarekin batera frontoi txiki bat egiteko aukera ere aurkeztu zuen arkitektoak–.
Izan ere, Ibarra erdigunean eraiki gabe dauden guneetarako espazio edo eraikin berriak ditu buruan Udalak. "Nardeaga kalean, adibidez, etxe zaharrak eta partzela hutsak daude. Erdiko kalea da, eta biziberritzea nahi dugu. Horretarako zer egin behar da? Etxe zahar horiek berritu, eta hutsik dauden guneak bete, beheetan komertzioak jartzeko aukera sortuz, adibidez, herriari bizitasuna emateko", zioen Martin Arriolabengoak, Hirigintza zinegotziak. Eta plan berriko irizpideak izango dira, alde batetik, eta ahal den heinean, hutsik dauden partzela horiek betetzea errazteko.
Bestela, arau berriak arruntak izango direla zioen Raimundo Mendiburu arkitektoak, "alde zahar bateko baldintza arruntak": "Arauak aldatu egin behar dira, orain indarrean daudenak ondo ez daudelako, urte batzuk pasa dira, eta berritu egin behar dira. Arau orokorrak eta arau partikularrak aldatu behar ditugu: orokorrak batetik, ze leiho mota baimentzen den, ze teilatu mota...; eta partikularrak, partzelaz partzela zehaztuko dugu ze baldintza bete behar diren eraikin bat egiteko edo berreskuratzeko". Behin alde zaharreko plan berezia eginda, hura berritzeko diru laguntzak eskatu ahal izango dira.