Pasa den zapatuan aurkeztu zuten txapelketa, Gasteizen, eta gaur, egubakoitza, jarriko da martxan. Guztira, 320 partehartzaile ariko dira, bi modalitatetan banatuta: batetik, batbateko modalitatea, jendaurrean inprobisatzen ohituta dauden horiei zuzendutakoa. Eta bestetik, idatzizkoa. Bigarren horretan, bertso-sortak sortuko dituzte taldeek eta saio bat dagoen egunean kantatuko dituzte paperarekin, jendearen aurrean. Gazte Asanbladak, Mintzalagun taldeak, lagun kuadrillak, bertso eskolako kideak, eta abar arituko dira modalitate horretan. Hori ez da txapelketa izango, ez da lehiarik egongo, eta gaia librea izango da.
Bat-bateko modalitatean hamalau talde ariko dira lehian; horietatik bi, Aramaioko Bertso Eskolakoak. Lehenengo taldea Aramaixoko Sobrak izenekoa da, eta honako hauek osatuko dute: Unai Etxenausia, Peru Abarrategi, Martin Abarrategi, Paula Amilburu, Aitor Ugarte, Beñat Burgi, Maria Izaga, Izar Elorza, Eider Ballina, Idoia Asurmendi, Amaia Arregia, Aldai Zalakain eta Beñat Zalakainek. Talde hori B ligan arituko da, ondorengo taldeekin batera: Egurra Salgai (Zalduondo), Kakiturri (Gasteiz) eta Errekaleor Birizik (Gasteiz).
Ibabeko Bertaren Bilobak taldea, berriz, honako hauek osatuko dute: Xabi Igoa, Manex Agirre, Andere Arriolabengoa, Iker Agirre, Lierni Altuna, Mikel Marto, Gillen Agirre, Txomin Elorza, Amaia Arregi, Mailen Ballina eta Iker Elexpuruk. Talde hori D ligan arituko da, Mendialdeko Mitxarroak eta Alfredo (Aiaraldea) taldeekin batera.
Idatzizko modalitatean ere Aramaioko bi talde izango dira: Gazte Asanblada eta herrian kantuan ibiltzen den lagun talde bat.
Txapelketa formatua
Hamalau taldeak lau ligatan banatuko dira eta talde bakoitzak etxean saio bat antolatu beharko du, tokatzen zaion taldearen aurka. Ligaren barruan sailkapen bat sortuko da, epaimahaiak emandako puntuazioarekin. Lau irabazleek eta puntuazio handiena duten beste bi taldek –bigarren sailkatuak– finalaurrekoak jokatuko dituzte –guztira, sei talde– eta ondoren jokatuko diren hiru finalerdietako bat Sastiñan izango da, martxoaren 3an. Irabazleek finala jokatuko dute Gasteizen, martxoaren 17an.
Ibabeko Bertaren Bilobak taldeak hilaren 26an ekingo dio txapelketari, Marixekan, Alfredo (Aiaraldea) taldearen aurka.