Bi modalitate izango dira: bat-bateko modalitatea, jendaurrean inprobisatzen ohituta dauden horientzat eta idatzizkoa, bertso-sortak sortzen dituzte taldeek –euskaltegiko ikasleak, euskara elkartekoek, mintzalagunek, gazte asanbladakoek eta abar–. Hauek sortuko dituzte bertso-sortak eta saio bat dagoen egunean kantatuko dituzte paperarekin, jendearen aurrean. Hau ez da txapelketa izango, ez da lehiarik egongo eta gaia librea izango da.
Bat-bateko modalitatean 14 taldek eman dute izena –bi Aramaiokoak–. Idatzizko modalitatean ere Aramaioko bi talde izango dira. Guztira 320 parte-hartzaile inguru ariko dira txapelketa honetan.
2010ean egin zen lehenengoz Arabako Kuadrilla Arteko Bertso Txapelketa, Arabako Bertsozale Elkarteak antolatuta, eta, orduz geroztik, bi urtean behin egiten da. 2018koaren aurkezpena bihar, zapatua, egingo dute, Gasteizen, eta martxoaren 17ra arte iraungo du.
Asier Lafuente Arabako Bertsozale Elkarteko kidearen esanetan, taldekako ekimen bat da, bertsogintzarekiko zaletasuna bultzatzea helburu duena. "Ekimen honen berezitasun bat da bertsolariek ez dutela banaka parte hartzen, baizik eta taldeka. Talde bat osatu beharko dute, eta, bertsolariez gain, epaile bat, gai-jartzaile bat, saioa grabatuko duen norbait, argazkiak aterako dituen norbait, kronika idatziko duen norbait, sukaldari bat, musikari bat, eta abar eduki beharko ditu talde horrek. Hamar-hamabi laguneko taldeak osatuko dituzte", azpimarratu du Lafuentek.
Bertsozale berriak helburu
Txapelketan parte hartzen duten talde guztiak oinarritzen dira Araban dauden bertso eskoletan, eta bertsoarekiko zaletasuna pizten laguntzen du, bere formatuarengatik, Lafuenteren esanetan. "Halako ekimen batek lortzen duena da jende berria hurbiltzea bertsogintzaren ingurura. Aipatutako talde hori osatzeko behar horrek dakar, denboraldi batean, behintzat, jende berria bertso eskoletara hurbiltzea eta bertsoaren gaineko zaletasuna piztea jende berri horrengan", azpimarratu du Bertsozale Elkarteko kideak.
Izan ere, modu batera edo bestera, bertsogintzarekin harremanetan egongo dira parte-hartzaileak txapelketak irauten duen hiru hilabeteetan, izan taldeko sukaldaria edo izan taldeko argazkilaria, eta kontaktu horrek ahalbidetuko du, elkarlan horren bitartez, zaletasun hori indartzea, Lafuenteren esanetan.
Berrientzako aukera
Txapelketa horrek, bestalde, oraindik jendaurrean abesteko esperientzia gutxi duten horiei ere laguntzen die. Izan ere, parte hartzeko helburu orokorra dauka txapelketak, Lafuenteren arabera. "Betiko bertsolariek parte hartzen dute, baina baita bertsolari berriek ere. Batzuk gazteak dira eta lehenengo plazak dituzte oraindik. Euskararekin jolasten ibiltzen diren horiek eta jendaurrean inoiz kantatu ez duten horiek, txapelketaren formatuarengatik, eta taldearen babesarekin, pauso hori emateko aukera izaten dute, eta hori da bultzatu nahi duguna", azaldu du.