Herriko ondarea, eskutik eskura

Eneko Azurmendi 2018ko urt. 12a, 09:18

Eguazten arratsaldean, eskolako irteera ordua aprobetxatuz, talde argazkia atera zuten zenbait ikasle, irakasle eta gurasok, Aramaioko Herri Curriculumari babesa adierazteko. Argazkia: Xabi Urzelai.

Gaur, egubakoitza, aurkeztuko dute Aramaioko Herri Curriculuma, 18:30ean, kultura etxean; proiektuaren muina azaltzen duen dokumentala proiektatuko dute, hainbat sektoretako herritarren testigantzak batzen dituena. Bestalde, Porrotx pailazoak girotuko du gaurko aurkezpen saioa.

Aramaioko Herri Curriculumaren garapenean ezinbestekoa izan da bi ikaslek emandako laguntza. Izan ere, batetik, Asier Errasti donostiarrak, Ikusentzunezko Ikasketen Gradu Bukaerako Lan gisa, Aramaioko Herri Curriculumaren gaineko dokumentala sortu du, hainbat sektoretako herritarren testigantzak batzen dituena. Eta, bestetik, Leire Fernandez arrasatearrak, hezkuntza arloko ikasketak egiten ari dela aprobetxatuta, Aramaioko ondarearen transmisioa gelaratzeko sekuentzia didaktiko bat sortu du, proiektu gisa.

Lehenari dagokionez, gaurko aurkezpenean proiektatuko den lana da, hogei minutu irauten duena. Errastik adierazi duenez, hasieratik iruditu zitzaion proiektu interesgarria, "herri oso bati" egindako ekarpena delako. "Egitasmo polita iruditu zitzaidan, herriarekin eta hezkuntzarekin lotura handia zuena. Beraz, ahal izan dudan heinean, nire ekarpena egin dut", azaldu du dokumentalaren egileak.

Hainbat sektore eta arlotan diharduten aramaioarren testigantzak biltzen ditu Errastiren lanak. "Ikusteko eta balioan jartzeko herriak historikoki izan duen potentzial guztia, gaur egun duena eta aurrerantzean izan beharko lukeena. Hori biltzen saiatu naiz, benetan herritarrei transmititzeko balio hauek guztiak, hainbat urtetan landu direnak, eskolan transmititu behar direla, etorkizuneko aramaioarrak haurrak direlako. Aramaio herri aberatsa da kultura aldetik, nekazaritza aldetik, artisautza aldetik, eta abar, eta herritarrek benetan kontziente izan behar dute horretaz, hori bermatzeko eta haurrei balio hori transmititzeko", dio.

Sekuentzia didaktikoa

Bestalde, Leire Fernandez arrasatearrak 5 urteko haurrendako sekuentzia didaktiko bat garatu du. "Hasierako asmoa zen 4 eta 5 urteko haurrekin lantzea sekuentzia. Baina arazo batzuk egon ziren, eta, azkenean, 5 urteko gelan bakarrik gauzatu genuen. Egokitzapen asko egin behar izan ditugu, eta, azkenean, bi urte iraun du proiektuak, azkeneko bertsio hori gauzatzeko", azpimarratu du Fernandezek. Elikadura jasangarria eta Aramaioko baserri mundua izan da sekuentzia didaktiko horren ardatza. Honela azaldu du Fernandezek proiektuaren gauzatzea: "Ikasleei iritsi zitzaien Enma izeneko kanpotar baten bideo bat, esanez munduko leku ezberdinetako bideo bat muntatzen zebilela eta Aramaioko inguruak ezagutu nahi zituela. Baina, kasualitatez, istripu bat izan, eta ezin zen herrira etorri. Hori dela eta, bideoan eskatzen zien ikasleei proiektua aurrera eramaten laguntzeko. Beraz, proiektu guztia dago zentratuta Enmari laguntzen. Jarduerak egin dira, eta, antzerki baten bidez, abestiekin eta abar, Aramaioko baserri mundua azaldu zioten Enmari ikasleek. Iazko ikasturte bukaeran –2017ko ekainean– egin genuen antzerki hori, kultura etxean. Antzerki hori grabatu eta Enmari bidali genion, eta ikasleek haren erantzuna jaso zuten, eskerrak emanez eta gauza asko ikasi zituela esanez".

Arrasatearrak dio "ikaragarria" dela umeen erantzuna Aramaioko eta gertuko gaiak jorratzen direnean. "Hasierako momentutik haurrak oso pozik egon dira. Eurentzako, motibazio gehigarri bat da herriari buruzko gaiak jorratzea. Eta motibazio hori kontuan hartuta, askoz gehiago ikasten dute". Hori horrela, hezkuntzan markatu beharko litzatekeen norabidea hori dela nabarmendu du Fernandezek. "Ahal den neurrian, klasean lantzen diren gaiak herriarekin eta testuinguruarekin loturikoak izan beharko lirateke, haurren interesa asko handitzen delako eta emaitza ikaragarria delako".

Egunerokoan landuz

Sekuentzia didaktiko hori proba pilotu moduan erabili da, baina, Saioa Uriarte irakasleak azaldu duenez, etengabe ari dira Aramaioko gaiak lantzen, hainbat proiekturen bidez. "Irakasleok kontuan hartzen dugu Aramaiok zer eskaintzen digun, eta edozein gai erabili daiteke Aramaiori buruz gehiago ikasteko. Gainera, gaia edozein dela ere, umeek beti dute interesa, eta galdetzen dute: "Eta Aramaion zer?". Eta ez bada hala, irakasleak galdetzen du eta gaia Aramaiora bideratzen du. Umeentzako interesgarrienak euren herriko gauzak dira. Harritzen dira, kezkatzen dira, interesa erakusten dute", dio.

Uriarteren iritziz, modu naturalean egin beharreko gauza bat da. "Umeek ez dakite zer den Herri Curriculuma, eta hori ere bada helburua, naturaltasunez egunerokoan Aramaiori buruz gehiago ikastea, Herri Curriculuma lantzen ari direla jakin gabe. Berez dute herriko gaien gaineko interesa, eta hori bultzatu nahi dugu, hain zuzen. Oraingoz, gustura gaude emaitzarekin, eta hala jarraitzea espero dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak