"Euskararen Eguna ospatzeko antolatzen hasi ginen eta gura izan genuen zerbait berria egin, herri mailan oihartzuna edukiko zukeena, herritarrak inplikatzeko eta euskararekin nolabait jolas egiteko. Arrakasta handia izan du hasieratik". azaldu du Rosa Mondragonek, Euskara teknikariak.
Euskal Ginkanaren baitan, hainbat galdera egiten zaizkie herritarrei, euskara, beste hainbat hizkuntza gutxitu eta Aramaio ardatz hartuta.
Esan bezala, bi kategoriatan banatuko da Euskal Ginkana: haurrena –14 urte baino gutxiago dutenentzat– eta helduena –14 urtetik gorakoak–.
Haurrena
Kategoria bakoitzean, bi txandatan egongo dira eskuragai galderak. Haurren kategorian, kultura etxean eta kiroldegian eskuratu ahal izango dira galderak. Martitzen honetan hasi da lehenengo txanda, eta bihar bukatuko da. Bigarren txanda, berriz, azaroaren 28tik –martitzena– abenduaren 1era –egubakoitza– bitartean izango da.
Egun bakoitzean lau galdera egongo dira gune horietan –guztira, hamasei galdera–, eta parte-hartzaileek galdera guztiak erantzun beharko dituzte, behin bakarrik. Erantzunak kaxa batean sartu beharko dituzte parte-hartzaileek, euren datuekin.
Astelehenetan irabazleen rankinga egingo da eta Udalaren webgunean publikatuko dira. Rankingaren irabazlea izango da hamasei galdera horietatik gehien asmatzen dituenak. Berdinketa gertatzen bada, zozketa egingo dute. Horrez gain, zortzi puntu –zortzi galdera asmatuta– baino gehiago dituztenen parte-hartzaile artean, sari berezia zozketatuko dute.
Helduena
Helduen kategoriako lehenengo txanda atzo hasi zen, eta domekan bukatuko da. Bigarrena, berriz, azaroaren 30etik abenduaren 3ra arte izango da. Honako establezimendu hauetan egongo dira eskuragai galderak: Arrandegia, Arbel, Anus, Añai, Anboto, Botika, Dukiena, Eki, Harategia, Kintelena, Okindegia eta Unzueta. Kasu horretan ere, aste bakoitzean lau galderako ginkana izango da establezimendu bakoitzean. Beraz, 96 galdera izango dira –48 asteburu bakoitzean–.
Ez da derrigorrezkoa izango galdera guztiak erantzutea, baina bai ahalik eta gehien, txanda eta establezimendu bakoitzean behin bakarrik.
Kategoria horretako rankinga eguaztenetan egingo dute eta hori ere Udalaren webgunean publikatuko dute. Irabazlea galdera gehien erantzuten dituena izango da; berdinketa gertatzen bada, zozketa egingo dute. 40 puntu –40 galdera asmatuta– baino gehiago dituzten parte-hartzaileen artean, sari berezia zozketatuko dute.
Sariak
Haurren kategoriako Euskal Ginkanako irabazleak Hontzaextrem abentura parkera joateko bost sarrera eramango ditu. Bigarren sailkatuak, berriz, 30 euroko bonua. Helduen kategoriako irabazleak bi lagunentzako afaria izango du sari moduan. Bigarren eta hirugarren sailkatuek Aramaioko produktuekin osatutako otarrea eramango dute etxera.
Azkenik, aurten ere partehartzailearen saria egongo da. Haurren kategorian, 30 euroko bonua zozketatuko dute partehartzaile guztien artean eta helduen kategorian, berriz, Aramaioko produktuekin osatutako otarrea. Iaz eman zen lehenengoz sari hori, "jende askok" hartzen duelako parte, eta, "nolabait, partehartze hori saritzeko".