Arabako txapeldun berria zara buruz buru. Nola sentitzen zara?
Txapelketa hau irabazi ostean, konfiantza gehiago sentitzen dut nire buruarengan. Bazen denboralditxo bat halako txapelketarik irabazi gabe nengoela, eta honek mesede egin dit alde horretatik. Autoestimu eta motibazio aldetik ere gora egin dut, eta pilotan hobeto ari naizela sentitzen dut.
Finala nahiko erraz irabazi zenuen. Espero zenuen irabazterik?
Aurkaria ezagutzen nuen, Araba mailan ia guztiok ezagutzen garelako. Egia esan, egun batzuk urduri ere igaro nituen, baina irabazteko helburua nuen, konfiantzaz nengoen. Partidu on bat egin, eta irabaztea lortu nuen.
Txapelketa bera, oro har, zer moduz joan da?
Iaz finalera iristea lortu nuen. Horren ondorioz, final-laurdenetan sartu naiz aurten, eta hiru partidu jokatu ditut bakarrik. Egia esan, uste baino errazago irabazi ditut partidu guztiak. Lehenengo partidua 18-6 irabazi nuen, bigarrena 18-8 eta finala, 18-11.
Irabazteko helburuarekin abiatu zenuen txapelketa?
Iaz kadete mailako lehen urtean nengoen eta zailagoak izaten ziren partiduak. Aurten, bigarren mailakoa izanik, aurkariak nire adinekoak edo gazteagoak ditut, eta errazagoa egiten ari zait. Beraz, irabazteko helburua izan dut hasieratik, bai.
Buruz buruko txapelduna zara. Zure espezialitatea hau dela esan daiteke?
Niri binaka jokatzea gustatzen zait gehien eta modalitate horretan sentitzen naiz erosoen. Baina, buruz buru ere ondo moldatzen naiz. Pilota atzeratzeko indarra eta airea menderatzea eskatzen du buruz burukoak. Iaz aireko jokoa asko hobetu nuen eta nabaritzen ari naiz. Banakako modalitate bat aukeratzekotan buruz burukoa aukeratuko nuke. Lau t`erdikoa baino politagoa iruditzen zait.
Ez da Arabako Txapelketa irabazten duzun lehen aldia.
Hala da, infantil mailan, 13 urterekin, binakako txapeldun izan nintzen, Julen Olaizolarekin batera. Gogoratzen dut bi bikote faborito geundela. Gu eta Dulantziko bikotea. Ligaxkan haien aurka galdu egin genuen eta finala ere haien kontra jokatu behar izan genuen. Finalean, ordea, ligaxkan baino askoz hobeto jokatu genuen. Partidu bikaina egin ostean, garaile izan ginen.
Orain, ze helburu dituzu?
Lizarrako lau`terdiko txapelketa jokatzen hasi naiz orain. Arabako Trinket Txapelketan final-laurdenetan sartuko naiz, eta Arabako Binakako Txapelketan ere final-aurrekoetan nago. Horrez gain, Arabako buruz burukoa irabazi dudanez, orain Euskadiko Txapelketa jokatuko dut abenduan. Gipuzkoako eta Bizkaiko irabazleak izango ditut aurkari.
Zaila, beraz.
Bai. Maila handia dago bietan, batez ere, Gipuzkoan, eta aurkari gogorrak izango dira. Baina saiatuko naiz txapelketa txukun bat egiten eta ahalik eta emaitzarik onena eskuratzen.
Forma onean ikusten duzu zure burua?
Udan indarra eta altura irabazi ditut eta ondo sentitzen naiz. Ezkerreko eskua minduta daukat, baina forma onean nagoela esan daiteke, eta bolada on hau aprobetxatzen saiatuko naiz, jokatzen ari naizen txapelketak irabazi ahal izateko. Izan ere, datorren urtean gazte mailara pasako naiz eta aurkariak gogorragoak izango dira.