Arabako behi ustiategi onena, Aramaiokoa

Miren Arregi Amasorrain 2017ko aza. 17a, 11:35

Joseba Jauregi Bengoa aramaioarrari emango diote bihar, Tolosan, 2016ko Arabako behi ustiategi onenaren saria. Arexola auzoko Letazur ermitaren ondoan du ganadutegia Jauregik eta okelatarako 80 behi-buru baino gehiago ditu

Okelatarako behiekin lan egiten du Joseba Jauregi Bengoa aramaioarrak. "Herri behiarekin" –bertako arraza den piriniotar behiarekin–, berak dioen moduan. Behiak ez ezik, txerriak ere baditu Jauregik, Arexola auzoan, Letazur ermitatik gertu du duen ustiategian. Orain gutxi, txerriekin ere hasi da lanean, "emaitza onak ematen dituela diote eta". Behiei dagokienez, 80 burutik gora ditu une honetan. Familiako esplotazioa da berea. "1992ra arte, esnetarako behiak genituen, baina urte hartan okelatarako behiekin lan egitera pasatu ginen. Amak zuen lehen ustiategiaren ardura, eta duela hamar bat urtetik neuk daramat", dio Jauregik. 

Arabako behi ustiategi onena

Aitortza polita jasoko du bihar, zapatua, Jauregik, eta pozik hartu du albistea. Epaimahaiaren iritziz, berea da 2016ko Arabako okelatarako ganadutegirik onena, eta ez da gutxi, saria eskuratzeko bete beharreko baldintza zorrotzak kontuan hartuta. "Belarraren kalitatea –ganaduaren neguko bazka baita hori– oso kontuan hartzen dute, baita esplotazioari dagozkion hainbat datu ere; hilkortasuna, eta abar". Ahalegin handia egiten dihardu Jauregik kalitatezko bazka lortze bidean. "Ikastaroak egiten aritu naiz eta ondorioak positiboak izan dira". Izan ere, orografia ez du alde aramaioarrak, gune menditsua izanik, zailagoa baita kalitatezko belarra lortzea. "Ez hori bakarrik, Arabako ustiategiak nirea baino handiagoak baitira eta lan egiteko moduak desberdinak".

Hainbat bisita egin dituzte teknikariek Aramaiora eta galdera mordoa erantzun behar izan ditu ganaduzaleak, saria emango diotela jakin aurretik. Azkenean, kalitatezko ustiategia eta ganadua dituela ondorioztatuta, saria ematea erabaki dute. Hala, bete beharreko baldintzak zorrotzak direla kontuan hartuta eta Arabako gainontzeko ustiategien kalitatearen jakitun, "ezustean eta gustura" hartu du Jauregik albistea. Tolosan jasoko du bihar errekonozimendua. Berak ez ezik, Bizkaiko, Gipuzkoako eta EAEko ustiategi onenen jabeek ere jasoko dituzte sariak. 

Zailtasun handiak

1.240 euroko diru laguntza jasoko du ganaduzale aramaioarrak sariarekin batera, eta dena etorriko zaio ondo, zailtasun handiak baitituzte horretaz bizi ahal izaten jarraitzeko. "Abandonatuta gaude guztiz, oso tristea da. Honekin jarraitzen dut, ez dudalako beste ezer", dio Jauregik. Izan ere, duela hamar urteko prezio berean saltzen du haragia, eta ez hori bakarrik, diru laguntzak murriztu egin dizkiete. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak