Pasa den egueneko osoko bilkuran onartu zituzten 2018ko ordenantza fiskalak. Sistema aldaketa bat egongo da urtarriletik aurrera, ura eta saneamendua ordenantza berean batuko dituena –momentu honetan, ura bere aldetik dago, eta saneamendua zaborrarekin eta kirol instalazioekin–. Sistema aldaketa honekin, beste bi aldaketa ere egongo dira. Batetik, hiru hilean behin kobratuko dira, bai ura eta bai saneamendua. Eta bestetik, 12 euroko kuota finko bat kobratuko da, eta gainontzekoa kontsumoaren araberakoa izango da. "Aldaketa honek igoera ekarriko die kontsumo handia dutenei, eta besteei jaitsiera. Udalak jasoko duena antzekoa izango da. Gure helburua ez da diru gehiago batzea, sistema aldatzea baizik, eta hori izango da aldaketak eragingo dituena", azaldu du Lierni Altuna alkateak.
Horrez gain, urari dagokionez, familia ugariei tarifa merkeago bat ezarriko zaie, baita nekazaritza eta abeltzaintza ustiategi profesionalei ere.
Saneamenduan, berriz, aldaketa hori ez zaie aplikatuko fosa pribatuei eta udalak zerbitzua ematen ez duen fosei. Horiei orain arte moduan kobratuko zaie, hiru euro hiru hilean behin –orain lau euro kobratzen zaie bi hileko–.
Sistema aldaketa hau EH Bilduren udal taldeak proposatu du, argudiatuz indarrean dagoen ordenantza "zaharkituta geratu dela eta ez diola gaur egungo errealitateari erantzuten". Beste argudio bat izan da uraren zikloa errespetatzearena. "Legeek eta ingurumen politikek gero eta gehiago egiten diete erreferentzia uraren zikloari eta ziklo osoa kontuan hartu behar izateari. Gainera, zentzua du ordenantza berean jasotzea".
Sistema aldaketa egiteko Gipuzkoako Urak partzuergoaren ordenantzan oinarrituta egin da. Izan ere, etorkizun hurbil batean Aramaioko ur zikinak Arrasatera (Edar-Epelera) bideratzeko asmoa dago eta hura partzuergo honek kudeatzen du.
EAJ sistema aldaketaren aurka agertu da, baina gainontzeko puntu guztiekiko adostasuna agertu du.
Zaborraren bilketan %20ko igoera
Beste puntu garrantzitsu bat zaborraren bilketa zerbitzuagatik ordaindu beharreko tasan egongo da 2018an. Izan ere, %20ko igoera aplikatuko da. Alkatearen esanetan, bi arrazoi daude igoera hau aplikatzeko. "Batetik, 2008tik tasa bera mantentzen delako. Eta bestetik, Jundizeko zabortegian –Gasteizko Udalak kudeatzen duena– %20 igoera egitea onartu delako". Hori kontuan hartuta, tasaren igoera gomendagarria dela ondorioztatu du Udalak.
Horrez gain, bost talde ezberdinetan banatuko dira tasak. Etxebizitzen tasa oinarritzat hartuta eta %20ko igoera aplikatuta, honakoak lirateke tasak: etxebizitzak (61,30 euro); lokal profesionalak –ile-apaindegiak, botikak, bankuak...– (91,95 euro); merkataritza, landetxe, tailer mekanikoak eta nekazal ustiategiak (122,60 euro); elkarte gastronomikoak, tabernak, jatetxeak eta hotelak (153, 25 euro) eta industria eta hezkuntza zentroak (214,52 euro).
Tasa hauek udalerri osoan aplikatuko dira, Oletan izan ezik –Oletan eurek kudeatzen dute zaborra–.
Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza
Hirigintza arloan, aldaketa gehienak hobarietan egongo dira. Hauek dira hobari nagusiak: nekazaritza ustiaketa profesionalentzako %90eko hobaria –urteetan eskatu izan dena–; energia eraginkortasun baldintzak hobetzen dituzten eraikuntza, instalazio eta obrek %50eko hobaria; etxeetako erreteila eta fatxadan konponketak egiteko lanek %50eko hobaria; 50 urte beteta duten etxebizitzek EITaren baldintzetara egokitzeko egin beharreko eraikuntza, instalazio eta lanentzako %50eko hobaria.
Horrez gain, irizpide orokor bezala hartuko da tasa salbuestea ezbehar bat dela medio –tximista, sutea, uholdea...– egin beharreko eraikuntza lanei. Udalbatzak kasuan kasu gaia aztertu eta erabakiko du salbuespen hau aplikatzeko egoeran bat den ala ez.
Gainontzeko tasak
Landa-bide eta auzo-bideetan ibilgailu astunen erabileraren eta landa-bideen zabaltzearen gaineko Ordenantza Erregulatzailean agertzen diren zenbatekoei KPIaren igoera –%1,8– ezarriko zaie. Ordenantzan jartzen du urtero igo behar dela, baina 2013tik igo gabe dago tasa hau.
Jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokionez, 1.000.000 euro baino gehiagoko bolumena duten enpresei %50eko hobaria kendu egingo zaie 2018an.
Osoko bilkuran onartutako beste puntuak
Egueneko osoko bilkuran onartutako beste puntu bat izan zen Arabako Foru Aldundiari eskaera egitea Basoetako Hobekuntza Funtseko diru erabiltzeko. Izan ere, haizete batek pinudi batzuk bota zituen otsailean Murumendin eta Lugorrin, eta egurra atera egin behar izan zen. Orain, berriro landatu behar da.
Landa bide publikoen inbentarioaren lehen fasea ere onartzekoak ziren, baina azaroko osoko bilkurarako atzeratu zuten, alkatearen esanetan, "dokumentazio faltagatik eta presa handirik ez duen kontua delako".