1971tik 1979ra izan zen Aramaioko alkate eta 1979tik 1983ra bitartean Arabako diputatu. Ekainean herriko seme kutun izendatu ondoren, gaur omenaldi hunkigarria egin diote herriko osoko bilkuren aretoan. Pozik jaso ditu Unzuetak bertaratuen hitzak.
Unzueta, bere aitaitak egindako makila dotorearekin iritsi da osoko bilkuren aretora: "Aitaitak berak egin zuen makila eta gerra denboran, gure aitak lurpean gorde behar izan zuen. Oso kutuna dut", adierazi du bukaeran.
Unzuetari, alkate eta diputatu zen garaian Aramaioren alde egindako lana errekonozitu diote gaur. Bere lorpenen artean daude, besteak beste, Aramaiotik Gipuzkoako mugarainoko errepidea zabaltzeko proiektua, herrian ikastola martxan ipintzea edo Lierni Altunaren hitzetan, "Guardia Zibilak Tellamendiko gurutzea bota zutenean erakutsi zuen ausardia".
Ikurrina ipini zuenekoa
Anekdota asko ditu Unzuetako kontatzeko eta horietan ederra da, gaur bere iloba Julen Arriolabengoak kontatutakoa. "46 urte lehenago Julianen aitonak ipini zuen ikurrina Aramaioko balkoian –aitona zen orduan alkate– eta errepublika ezarri zenean, kendu egin zuten ikurrina, bandera errepublikanoa ipintzeko". Orduan Julianek hiru urte besterik ez zituen eta aitonak esan omen zuen, hiru urteko mutiko hori izango zela berriz ere ikurrina Aramaioko udaletxean ipiniko zuena. Baita asmatu ere. 1977ko urtarrilaren 19an, ikurrina legeztatu eta hurrengo egunean, Julian Unzuetak ikurrina ipini baitzuen udaletxeko balkoian.
Otsailaren 23ko gaua ere gogoan
Aramaioko alkate izateaz gain, Arabako diputatu ere izan zen Unzueta 1979tik 1983ra bitartean. Ordukoez galdetuta dio, ez zirela alkate izan zeneko urteak bezain zailak izan baina berehala etorri zaio gogora 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpe saiakera. "Gaizki pasatu nuen. Gasteizen nintzen egun hartan eta etxera ez etortzeko esan zidaten. Diputazioko ganbaran pasatu nuen gaua. Koltxoi bat, manta bat eta irratia izan nituen lagun".
Ordezkaritza zabala
Omenaldian, udalbatzako kideak ez ezik, Arabako diputazioko ordezkariak ere izan dira. Diputatu nagusi orde Pilar Garcia de Salazarrek Unzuetak egindako lana goraipatu du. Batzar nagusietako presidente Pedro Elosegi ere izan da ekitaldian, baita herriko txistulari, dantzari, eta Bixente Goikoetxea abesbatzako kideak ere. Senitartekoak ere lagun izan ditu Unzuetak.