Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa jarriko da Kuadrillan

Eneko Azurmendi 2017ko urr. 20a, 10:08

Irailaren 26an aurkeztu zituzten diagnosiaren emaitzak, eta orain, beste urrats bat egitea da helburua.

Gorbeialdeko Kuadrillako Berdintasun Sailak Zuian aurkeztu zituen Gorbeialdeko Kuadrillako indarkeria matxistaren diagnosiaren emaitzak. Hain zuzen ere, hainbat ondorio atera zituzten diagnosi hartan.

Azken lau urteetan, bikotekideak edota bikotekide ohiak egindako erasoengatik Ertzaintzak jaso dituen salaketei dagokienez, 2013an zortzi izan ziren, 2014an zazpi, 2015ean bost eta iaz, 2016an, bost.

Tratu txarren inguruko ondorioekin jarraituz, salatzen duten bost emakumeetatik bik duela hamar urtez edo gehiagoz bizi izan dute indarkeria. Beste alde batetik, laguntza eskatu baino lehen, emakumeek tratu txarrak jasaten denbora luzea igarotzen dute.

Beste ondorio nagusi bat honako hau izan da: 2013 eta 2015 artean, 31 emakume izan dira indarkeria matxista jasan dutenak –zerbitzu publikoren batera laguntza eskatzen joan direnak– eta horietatik ia erdiak –%48– baino ez du Ertzaintzarengana jo. Heren batek –%35– salaketarik ez jartzea erabaki badu ere, gehiengoaren kasuan, arreta psikologikorako zerbitzuak erabili ditu, eta, salaketa jarri edo ez, arreta hori jaso duten emakumeen herenak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik pasatu dira aurrez.

Emaitza horiek kontuan hartuta, Gorbeialdeko Kuadrillako Berdintasun Sailak zera azpimarratu nahi izan du txosten baten bitartez: "Kontzientziatzeko, sentsibilizatzeko, formazioa emateko eta indarkeria matxista forma leunenak antzemateko eta lantzeko beharra daukagu: hitzezkoak, emozionalak, ekonomikoak... Izan ere, indarkeria hauek emakume talde desberdinetan era ezberdinetan jazotzen dira; adibidez, emakume gazteengan, nagusiengan, migratuetan, eta abarretan".

Emaitzak hobetzeko helburuarekin, Gorbeialdeko Kuadrillako indarkeria matxistaren biktimen arretarako protokoloa lantzen ari da egun, eta laster emango ditu protokolo horren gaineko xehetasun gehiago.

Berdintasun Foroa

Gorbeialdeko Kuadrillako Berdintasun Foroa sortzear da. Kontsultarako, aholkularitzarako eta partaidetzako organoa litzateke, udal administrazioak herri mailan berdintasuneko politikak aurrera eraman ahal izateko. Emakume eta mugimendu asoziatibo eta feministaren beharrak ezagutzea izango da helburua, pertsonen parte-hartze zuzena sustatuz, generoaren arloko programa edota jarduera desberdinetan proposamenak eginez, udalekin lankidetzan.

Bide horri hasiera emateko, astelehenean egingo dute lehenengo bilera, Zigoitiko Zentro Soziokulturalean, arratsaldeko seietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak