Hamar urte herriko pilota zaletasuna bultzatzen

Eneko Azurmendi 2017ko urr. 6a, 08:00

Nahia Garcia pilotari aramaioarra, San Martin Txapelketako partidu batean. Argazkia: Aramaio Pelota Elkartea.

2007ko maiatzean sortu zen Aramaio Pelota Elkartea, aurrez herrian zegoen pilota jardunari jarraipena emateko helburuarekin; hamar urte geroago, "osasuntsu" dago taldea eta horren erakusle da San Martin Txapelketako parte-hartze handia.

10. urteurrena betetzen ari da aurten Aramaioko Pelota Elkartea. Udaberrian egin zituen hamar urte elkarteak. Izan ere, 2007ko maiatzean sortu zen, gaur egun pilota eskolako arduradun Xabi Herrarteren eta Enrique Ullibarriaranaren eskutik. "Ni gurasoen elkartean nengoen orduan. Aurrez, urte askoan Enrique Axpe ibili zen herriko pilota sustatzen, baina momentu hartan uztea erabaki zuen, nekatuta edo", adierazi du Herrartek. Hori dela eta, herriko pilota jardunari jarraipena emango zion talde baten beharra suertatu zen, eta hor sortu zen Aramaio Pelota Elkartea.

Lehenengo entrenatzailea Fernando Errasti izan zen. "Ezagutzen genuen aurrez. Bagenekien pilotan ibilitakoa zela, eta hari proposatu genion entrenatzaile moduan aritzea. Onartu egin zuen", dio Herrartek.
Hiruren artean elkartea sortu eta aurrera eramatea lortu zuten; hasiera batean, helburu finkorik gabe, Herrarteren esanetan. "Aurrez herrian zegoen pilota jardunari jarraipena ematea besterik ez. Gero, denbora pasa ahala, joan ginen pixkana helburuak markatzen".

Hutsetik hasitako taldea zen, eta hainbat zailtasun izan zituzten hasieran. "Mundu ezezaguna zen guretzat eta ezjakintasunetik abiatu ginen. Udalarekin harremanetan jarri ginen, kirol baliabideak eta azpiegiturak zeintzuk ziren jakiteko, eta diru laguntzak eskatzen ere hasi ginen". Oraindik ere laguntza horiek "eskasak" direla nabarmendu du pilota eskolako arduradunak. "Negarrez ibili behar izaten dugu diru laguntza horiek lortzeko eta urtean zehar finkatutako helburu horiek behar bezala bete ahal izateko", dio.

Osasuntsu

Hasiera batean, 15-16 pilotarik osatzen zuten taldea, baina bigarren urtetik aurrera geroz eta oihartzun handiagoa hartu zuen herrian eta pilotari dezente batzen dira urtero. "Urtetik urtera aldaketaren bat edo beste izaten dugu, baina 20-30 pilotarien artean ibiltzen gara, tarte horretan mantentzen dugu kopurua", azaldu du Herrartek.

Hori horrela, egoera onean eta osasuntsu ikusten du taldea. "Ezin gara kexatu. Beste herri batzuekin alderatuta eta Aramaion daukagun biztanleria kopurua kontuan hartuta, ikusten dugu herri handiagoetan ez daudela gu bezain elkarte osasuntsuak. Ez dute guk besteko ume kopururik, eta pozik egoteko moduan gaude", dio. Gaur egun, 27 pilotarik osatzen dute Aramaio Pelota Elkartea.

Omenaldia

Urteurren borobila dela eta, omenaldi xume bat egin zioten elkarteari Sagardo Egunean. "Taldeak lan handia egiten du. Konpromiso maila handia dugu guztiok, eta egiten dugun lanaren aitortza izan zen omenaldia. Beraz, pozik gaude", azaldu du Josu Olaizolak, Aramaio Pelota Elkarteko kideak.

San Martin Txapelketa

Lehenengo urteetan, eskolarteko txapelketak jokatzen zituzten taldeko pilotariek, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, baina gaur egun, etxean jokatzeko aukera ere badute. Izan ere, duela lau urte, San Martin Txapelketa sortu zen. "Eskolarteko txapelketa azaroan hasten da eta irailean eta urrian Araba mailan ez da antolatzen partidurik. Bi hilabeteko hutsune hori betetzeko, txapelketa hau antolatzea erabaki genuen", dio Olaizolak.

Dagoeneko txapelketak ibilbide erdia egin du eta final egunerako hilabete baino ezta falta. Asteburu honetan ere hainbat partidu jokatuko dira. Astero moduan, gaur, egubakoitza, 18:00etan eta etzi, domeka, 10:00etan, izango dira partiduak. Aramaioko zenbait bikote ariko dira gaur eta etzi: Eñaut Olaziregi / Anitz Abarrategi eta Ibai Garitaonandia / Anje Kortabarria benjamin B mailan; Gailur Zubia / Nahia Garcia Benjamin A mailan; Xabat Goikoetxea / Txomin Abarrategi kimuen A mailan; eta Markel Arriolabengoa / Mikel Sanz, berriz, kadete B mailan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak