Azken urteotako formatua erabiliko du aurten ere bertso eskolak ikasturteari hasiera emateko. Lehenik, bertso saioa eskainiko dute Jon Maiak eta Maddalen Arzallusek Sastiñan, urriaren 20an, 19:30ean. Modu librean ariko dira bi bertsolariak, ordubete inguruz. Sarrera doan izango da, Xabi Igoa bertso eskolako kidearen esanetan, "ulertzen dugulako herrira begira antolatutako ekitaldi bat izanik, hala behar duela izan".
Ateak edozeinentzako zabalik daudela nabarmendu du Igoak. "Bertso eskolako ateak zabalik dauden moduan, ekitaldi honetarako ateak ere zabalik egongo dira etorri nahi duen edonorentzako", adierazi du.
Saio honekin, herriarekin hartutako konpromisoa betetzen du bertso eskolak, hein batean. "Behin Santa Ageda eskean hasi ginela, hartu genuen konpromisoa han batutako dirua herriari itzultzeko, eta saio hau horretarako da, diru horrekin antolatzen dugulako", dio Igoak.
Saioa bukatzean, bi bertsolariekin afaria egingo dute eta bertso eskolako ikasleek eurekin egoteko aukera edukiko dute.
Aurten, lau talde
Aurten lau talde egongo dira Aramaioko Bertso Eskolan eta guztira 28 bertsolari ariko dira. Helduen talde egonkorraz gain –aramaiorrak bakarrik ez, arrasatearrak, aretxabaletarrak zein otxandioarrak ere batzen ditu talde honek, 11 bertsolari guztira–, beste hiru talde egongo dira: gazteena –lau–, DBH 1-2 taldea –zazpi– eta sortu berri den taldea, LHko laugarren eta seigarren maila arteko ikasleak batuko dituena –sei–. Igoak azpimarratu du oso albiste ona dela bertso eskolarendako talde berri bat sortu izana. "Urtetik urtera bertso eskolako familia handitzen doanaren erakusle da. Iaz talde berri bat sortu zen eta aurten beste bat. Funtsezkoa da hori guretzat. Beraz, aurtengo helburua talde berria mimatzea izango da, taldeak aurrera egin dezan", adierazi du.
Herrian eragitea helburu
Bertso eskolaren filosofiaren parte da herrian eragitea eta herriko ekintzetan parte hartzea, eta aurrerantzean ere hala izaten jarraituko du, Igoaren esanetan: "Sagardo Egunean abestu genuen, Santa Ageda eskean ere aterako gara, Lorabarri astean ere bai eta gainontzeko eragileek hala eskatzen badigute, parte hartzeko prest izango gara, betiko moduan".
Gabonetarako, abenduaren 23rako, bertso saio bat antolatzen ari da bertso eskola eta Igoak jakinarazi duenez, astebete lehenago jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko finalista bat, gutxienez, izango dela Aramaion.