Murugain proiektua, bertatik bertara

Eneko Azurmendi 2017ko ira. 28a, 18:00

Ondare Babesa enpresako kideak –erdian, Etor Telleria– 2014an egindako indusketa batean, Murugainen.

2011n abiatu zuen egitasmo hori Ondare Babesa arkeologia enpresak; Burdin Aroko herrixka bateko harresia, gerra zibileko lubakiak eta zenbait aztarna aurkitu dituzte, eta orain arte lortutakoa erakutsiko du Etor Telleria arkeologoak zapatuan 11:00etan, bisita gidatu baten bitartez, Untzilla auzoan hasita.

2011tik hona Aramaioko, Arrasateko eta Aretxabaletako mendietan aurkitutakoa erakutsiko die herritarrei Etor Telleria arkeologoak. Untzilla auzoan abiatuko da bisita. "Murugain puntan hasi ordez, Untzillan hasiko dugu bisita, eta, igotzen goazen heinean, geldialdi batzuk egingo ditugu, gauzak bertatik bertara azalduz. Jendea paisaian kokatzen joango gara bisitan, testuinguru historiko bat emanaz eta leku bakoitzean zer aurkitu den azalduz. Dibulgazio lan bat da, azken finean", adierazi du Etor Telleria arkeologoak.

Hain zuzen ere, dibulgazioa eta zabalkundea dira Murugain proiektuaren helburuak aurten. "Aurtengo gure helburua hori izan da. Gehiago indusi beharrean, daukagun horri forma ematea. Alde batetik, difusioa, eta, beste batetik, ateratako aztarnak sendotzea eta zaharberritzea. Horregatik, han ditugun aztarnak txukun jarri nahi izan ditugu", dio Telleriak.

Auzolana

Hasieratik herritarren inplikazioa bultzatu nahi izan du proiektu horrek, bai aramaioarrena, baita inguruko herritarrena ere. "Herritarrek ere lagundu dute honetan guztian, auzolanak garrantzi handia izan du. Astean zehar arkeologo profesional lantalde batek egin dugu lan eta asteburuetan auzolaneko herritarrak etorri dira. Denon artean lortu dugu hori guztia azaleratzea. Zentzu horretan, proiektu integral bat izan da, ondarearen berreskurapenean guztiok jardun dugulako", azpimarratu du arkeologoak.

Bi ikerketa-lerro

Proiektuaren hasierako helburua Burdin Aroko herrixka bat aurkitzea zen. Hala ere, indusketek aurrera egin ahala, gerra zibileko zenbait lubaki ere aurkitu dira. "Hala, bi ikerketa-lerro horiek aintzat hartzea erabaki genuen, bi gaiek zeukaten interesa kontuan hartuta. Gainera, azkenean, protagonismo handiagoa hartu du gerra zibileko lubakien gaiak, Burdin Aroko herrixkarenak baino".

Beraz, hainbat elementu ikusteko aukera izango da biharko bisitan. "Mendi guztiaren ingurua nola zegoen trazatuta lubaki sare baten bitartez, Burdin Aroko herrixkako harresiaren zati handi bat, zenbait aztarna...".

Paisaia eta gizakia

Ondarearen Europako jardunaldien baitan kokatzen da biharko bisita eta jardunaldi horien gai nagusia ondorengoa da: paisaia eta gizakiak nola eragin duen paisaia horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak