Ganaduzaleen jardunari aitortza bat eman guran, haien lana eskertuz

Eneko Azurmendi 2017ko ira. 21a, 20:42

Ganadua, Aramaioko larreetan.

HAZI fundazioak Life Oreka Mendian izeneko proiektua martxan du iaztik, mendiko larreen kontserbaziorako estrategia bat garatzea helburu duena; orain, Aramaioko Udalak bat egin du ekimenarekin, eta hainbat ekintza abian jarri ditu dagoeneko.

Eusko Jaurlaritzak HAZI fundazioaren bitartez zuzendutako proiektua da Life Oreka Mendian, Europar Batasunak diruz laguntzen duena.

Esan moduan, mendiko larreen eta mendiko garanduaren arteko oreka bilatzea da proiektu honen helburua. "Europar Batasunetik datoz neurri batzuk larreei eta larreetan lan egiten duten ganaduzaleei balore bat emango dietenak. Azken finean, mendia eta ganadua balorean jartzen duen proiektua da", adierazi du Aitor Larrañagak, ingurumen teknikariak.

Aramaioko Udalak gaiarekiko interes berezia erakutsi du eta HAZI fundazioarekin bildu ondoren, proiektuarekin bat egitea erabaki du. Hala, ekimenera batu diren beste hainbat udalerritako ordezkariekin batera, Aramaioko ordezkariak ere HAZI fundazioko kideekin batu dira, gaiari lotuta herrian dauden beharrak zeintzuk diren ikusi eta behar horiek nola ase daitezkeen aztertzeko. "Gaia mahai gainean jarri dugu eta egin duguna da adierazi bakoitzak bere lurraldean ganadua ze baldintzatan daukan eta baldintza horiek aztertu ondoren, ikusi nola mantendu edo hobeto daitezkeen baldintza horiek", zehaztu du Larrañagak.

Hainbat behar

Diagnostiko hori egin ostean, Aramaion hainbat behar agertu dira, Larrañagaren esanetan. "Larre horiek eta paisaia hori mantentzeko azpiegitura batzuk behar dituzte ganaduzaleek: askak, iturburuak, txabolak, paso kanadarrak eta abar. Horiek dira behar garrantzitsuenak".

Behar horien jakinaren gainean dago HAZI fundazioa. "Guk gure beharrak detektatuta ditugu eta dagoeneko helarazi dizkiogu fundazioari. Espero dugu banaketa justu bat egingo duela laguntzarekin, proiektuak martxan jartzeko aukera izan dezagun".

Oraingoz, proiektu bat aurrera eraman da, izan ere, Europak babestutako larre habitatak aztertzeko lau kaiola ipini dira Arangion. Kaiola hauekin, larreetan hazten diren belar espezie ezberdinen azterketa egingo da, zein produkzio duten ikusteko.

Lau urteko proiektua

Europar Batasunak lau urtez lagunduko du egitasmo hau. Hala ere, diruari baino, ganaduzaleen arteko elkarlanari eman nahi izan dio garrantzia ingurumen teknikariak. "Lau urtetan behar berriak agertuko dira. Dagoeneko elkarlan bat hasi dugu eta horrek bere fruituak emango ditu, diruaz aparte".

Ganaduzaleei aitortza

"Urteetan egindako lan bati aitortza egiten zaio proiektu honen bitartez. Gu mendira joaten garenean, larreak garbi ditugu, dena txukun dago. Gainera, konturatu gara azken urteetan gutxitzen ari dela hori, sasi gehiago dagoela ganadu gutxiago dagoelako. Beraz, honek indar bat ematen die ganaduzaleei, baita esker on bat ere. Nik uste dut honek lanean jarraitzeko indarra ematen diela proiektu honek", azpimarratu du ingurumen teknikariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak