Frankismo garaiko testigantzak ahaztuak izan ez daitezen

Eneko Azurmendi 2017ko ira. 14a, 15:00
Frankismo garaiko irudi bat, Aramaion.

Arabako Foru Aldundiak martxan jarri duen Frankismoaren Biktimei Arreta Emateko Bulegoa Aramaiora iritsiko da datorren eguaztenean –hilak 20–, eta garai hartan biktima izan zirenek testigantza emateko aukera izango dute 09:00etatik 12:00etara.

Arabako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, ikerketa bat jarri du abian Arabako Lurralde Historikoko Memoria Historikoa berreskuratzen laguntzeko helburuarekin. Hori horrela, lurraldean diktadura frankistak jazarritako pertsonen informazioa bilduko da.

Horretarako, Frankismoaren Biktimei Arreta Emateko Bulegoa ireki du Aldundiak, garai hartan jazarpen hori pairatu zuten pertsonek, horien senideek edota hurbilekoek euren testigantza partekatu, eta duten dokumentazioa aurkeztu dezaten.

Jasotako informazioarekin, Araban diktaduran jazarriak izan ziren pertsonei buruzko txosten bat egingo da. Horren bitartez, bi gai hauetan sakondu nahi du Arabako Foru Aldundiak: memoria berreskuratzean eta frankismoaren biktima guztien ezagutzan eta horiei ordaina ematean.

Udala, ekimenarekin bat

Aramaioko Udalak bat egiten du ekimenaren helburuarekin, eta horregatik eskatu du bulegoa herrian jartzeko aukera izatea. "Arabako Batzar Nagusiko talde politiko batzuek aurrerapauso txiki bat eman dute zentzu honetan eta Aramaioko Udalak bat egiten du honekin. Memoria historikoa ez da egin trantsizio garaian, horrela erabaki zutelako batzuek. Baina ezinbestekoa da aurrera jarraitzeko memoria hau egitea, gertatu zenaren ikuspegi eta bizipenak jasoaz. Zer gertatu zen frankismo garaian gure herrian? Nola bizi izan zuten/zenuten aramaioarrek?", adierazi du Lierni Altuna alkateak, ohar baten bitartez.

Hori kontuan hartuta, aukera hori aprobetxatzeko dei egin die herritarrei, eta euren testigantza ematera animatu. "Zuek garai hartako biktima izan bazarete, era batean edo bestean, edo baten bat ezagutzen baduzue biktima izan dena, informatu eta animatu testigantza ematera". Gaineratu du edozein kontakizunek balio duela memoria historikoa egiten laguntzeko. "Frankismo garaiko biktimen edozein testigantza izan daiteke, torturetatik hasita, euskaraz ikasteko debekura", azpimarratu du Altunak.

Hitzordua aurrez

Bulegoa Bizente Goikoetxea plazan egongo da irailaren 20an, eguaztena, 09:00etatik 12:00etara. Hala ere, hitzordua aurrez eskatzea gomendatzen du Arabako Foru Aldundiak. Horretarako aukera egongo da 945 18 19 00 telefonora deituta edota victimasfranquismo@araba.eus helbidera idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak