Ludoteka aurrealdera pasatu da eta atzean bi biltegi egin dira, eskolaz kanpoko ekintzetarako erabiltzen den materiala batzeko. Horretarako, gimnasiotik biltegi eta ludotekara joateko sarbidea edo pasilloa lekuz aldatu da.
Horrez gain, komuna ere egokitu egin dute. Lehen, komun bat zegoen, eta orain, dutxa zaharra kendu, eta bi komun egin dituzte. Eli Izagirrek, eskolako zuzendariak, adierazi du lekua hobeto dagoela aprobetxatuta orain, eta erabilgarriago dagoela erdisotoa. "Eskolarentzako hobekuntza handia izan da. Espazioa handitu egin da eta argitasun aldetik ere hobeto dago. Ludoteka, adibidez, oso ondo geratu da", azaldu du.
Gimnasioan ere egitura aldaketa batzuk egin dira. Rokodromoa, adibidez, lekuz aldatu da eta esan moduan, sarrera ere lekuz aldatu da.
125 ikasle, ikasturte honetan
Ikasle kopuruan ez da aldaketa handirik egoten urtetik urtera. Aurten, 125 ikasle daude matrikulatuta –59 neska eta 66 mutil–. Irakasleetan eta zuzendaritzan ere aldaketa handirik ez dela egon azaldu du Izagirrek. "Irakasle kopuru finkoa mantentzen da eta irakasle berri bat ere edukiko dugu. Zuzendaritza taldea ere egonkorra da", dio. Zuzendaritza talde honen laugarren ikasturtea izango da aurtengoa.
Astebetez, goizez bakarrik
Irailaren 7an –eguenean–hasiko dute ikasturtea ikasleek, eta astebetez –irailaren 13ra bitartean– goizez bakarrik edukiko dituzte klaseak, 9:00etatik 13:00etara. Ordutik aurrera berriz, goiz eta arratsaldez, hau da, 9:00etatik 12:00etara eta 14:00etatik 16:00etara.
Metodologian, hausnarketa
Bai Haur Hezkuntzan, bai Lehen Hezkuntzan, proiektuen bidez jarraituko du lanean San Martin eskolak. Baina bada berrikuntza bat Haur Hezkuntzako metodologian. Izan ere, hausnarketa prozesuan daude irakasleak, berrikuntzak egin guran. Gero formazioa jasotzea eta proiektua martxan jartzea da eskolaren helburua.
Ekintza ezberdinak
Ikasturtean zehar, hainbat ekintza eta irteera egingo dituzte, ohi den moduan: Barnetegietara irteerak –batzuk urrian eta beste batzuk apirilean–, Jolaspiadak, irakurketa dialogikoak, inauteriak, San Martin bezperako gaztaina jana eta ikasturte amaierako eskolako jaia.
Mindfulness ikastaroa
Bukatzeko, aipatu behar da irakasleek Mindfulness ikastaroa jasoko dutela aurtengo ikasturtean ere. Ikastaro honen helburua da elkarbizitza hobetzea, lasaitze eta kontzentrazio ariketa batzuekin. "Momentua presente izateko laguntza bat da, momentuan egiten ari garen ekintzan edo jardueran arreta mantentzen laguntzen du. Horretaz gain, erlaxatzeko teknika batzuk ere ematen dizkigute", zehaztu du eskolako zuzendariak.