Soinuaren Bidaia proiektuak musika programa anitza eskaintzen du. Bertako partaide dira Alberto Urretxo –tronboia–, Adriana Grigoras –viola– eta Amaia Zipitria –pianoa– eta noizean behin zenbait artisten kolaborazioa ere izaten dute, hala nola, Vanessa Goikoetxea sopranoarena edota Arkaitz Pascuas eta Nagore De Las Cuevas dantzariena.
Astelehenean bertan hasi zuten udako bira, Gasteizko XI. Musika Festibalean. Gaur, eguena, Bilboko Aste Nagusian izango dira, Vanessa Goikoetxea sopranoarekin batera, Bilboko Enkarnazio elizan.
Azkeneko bi emanaldiak Arkaitz Pascuas eta Nagore de Las Cuevas dantzariekin egingo dituzte, bihar Zalduondon eta Aramaioko kultura etxean, domekan, abuztuaren 27an, 19:00etan.
Uda pasata, Soinuaren Bidaia emanaldia Euskalduna Jauregian ikusteko aukera izango da, Toti Martínez de Lezea idazlearekin batera, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren lehen ganbera kontzertuan. Soinu magikoak prestatu dituzte idazlearekin batera, musika eta hitzak uztartuz, eta euskal mitologian zehar bidaiatzeko aukera paregabea eskainiz. Azpimarratzekoa da Gabriel Loidi euskal konpositorearen Basajaun baten eszenak estreinatuko dela bertan.