"Egoera onean iritsi da lasterketa urteurrenera"

Martin Arriolabengoa, lasterketaren antolatzailea.

Aramaioko mendi bizikleta lasterketak hamar urte bete ditu aurten; hori dela eta, Martin Arriolabengoa antolatzaileak urte hauetako balantzea egin du. Azken urteetako aldaketa handiena aurrekontu jaitsieran egon dela azaldu du Arriolabengoak. Hala ere, eta hainbat gorabehera izan arren, lasterketa egoera onean dagoela onartu du.

Ze egoeratan iritsi da urteurren borobil honetara?

Egoera onean. Hamar urte hauetan herrian egon den ekintza polit bat izan da lasterketa hau. Gainera, 10. edizioa oso ondo irten da, giro ederra izan dugu, eta gustura geratu gara.

Aurtengoak Euskadiko Txapelketarako ere balio izan du, gainera.

Bai. Bi sailkapen egin dira: batetik, Euskadiko Openekoa, eta, bestetik, Euskadiko Txapelketakoa. Urtero lurralde baten egiten da eta aurten guri tokatu zaigu.

Lasterketa osasuntsu dago?

Bai. Hala ere, Federazioarekin arazo bat izan dugu. Antolakuntzan ardura handiena Federazioak dauka, hark koordinatzen dituelako Openean dauden lasterketa guztiak. Normalean, Federazioko arduradun bat egoten da lasterketako sailkapenak, denborak, eta abar kontrolatzen eta, arazoren bat baldin badago, hori konpontzen. Hala ere, aurteng ez da arduradun finko bat egon, bi edo hiru pertsona aritu dira lan hori egiten, boluntario moduan.

Zer dela-eta hasi zinen halako lasterketa bat antolatzen?

Nire semea bizikletan ibiltzen zen eta ilusioa egiten zion herrian lasterketa bat egiteak, eta antolatzen hastea erabaki nuen.

Nola gogoratzen duzu lehena?

Zirkuituaren diseinuan asmatzea zaila izan zen. Lehenengo urteko zirkuitua ez zen batere teknikoa eta ikusteko ere ez zen oso erakargarria. Hala ere, ondo egon zen, eta, pixkanaka, neurria hartzen joan gara.

Herriak ere lagunduko du, ezta?

Orain, Jon Andoni Axpe eta biok aritzen gara zirkuitua diseinatzen, baina herritarrek ere asko laguntzen digute, bai zirkuitua preparatzen, bai trafikoa kudeatzen eta baita beste hainbat gauzatan ere. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet laguntzen ibili diren herritar guztiei, baita diruz lagundu diguten dendariei eta tabernariei ere.

Zertan aldatu da lasterketa hamar urte hauetan?

Batez ere, aurrekontuan aldatu dela esango nuke. Komunikabideetan ere ez du oihartzun handirik eta aurrekontua murriztuz doa. Esan daiteke txirrindularitzaren anaia pobreena dela kirol hau. Udalen diru laguntzekin antolatzen dira lasterketak, komertzioek ez dute askorik laguntzen, eta lasterketa gutxiago antolatzen dira orain. Aramaion, ordea, guztien laguntzari esker, mantendu egiten dugu oraindik.

Zirkuitu aldaketa izan da aurten. Zer moduz? Funtzionatu du?

Orain arte, Barajuen auzoan egin izan da eta hango jendea haserretu ere egin zaigu, jende asko eramaten zuelako lasterketak hara. Hala ere, zenbait arrazoi direla eta, aurten behean egitea erabaki dugu, eta, egia esan, oso ondo funtzionatu du; ikuskizunari dagokionez ere irabazi egin duela esango nuke. Trafikoa moztuta egon zen eta horrek zenbait arazo txiki sortu zituen, baina herritarrek ulertu   zuten eta ez zuten kexarik izan.

Datorren urtean ere Ibarran egingo da ala Barajuen auzoan?

Barajuengo zirkuitua askoz hobea da eguraldi txarrarekin ibiltzeko. Ibarrako zirkuitua arriskutsua da eguraldi bustiarekin. Hala ere, oraindik ez dugu ezer erabaki, eta datorren urteko egutegia egiten denean erabakiko dugu zer egin.

Mendiko bizikletarekiko zaletasun handia al dago Aramaion?

Bai, zaletasuna badago. 10 urte hauetan beti egon izan da txirrindulari aramaioarren bat. Ez da, agian, futbola bezain erakargarria, baina batzuek egiten dute kirol honen aldeko apustua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.