Elai eta Bizente Goikoetxea abesbatzek Patxi Salaberrik idatzitako Belamendiko Kurtzea kantua abestu dute txupinazoaren aurretik, eta Cristina Etxenausia Kultura zinegotziak pregoia bota ostean, eztanda egin du festak Aramaioko udaletxearen aurrean. Ondoren, trikitilari eta pandero-joleen txanda izan da, eta kalejiran, festa giroan murgildu dira herritarrak.
Udaletxeko balkoian, Tellamendiko kuadrillako hainbat kide izan dira, eta emozioz beteriko hitzak eskaini dituzte aramaioarren aurrean. Izan ere, duela 40 urte, gaurko egunez, jarri zuten Tellamendiko gurutzean ikurrina.