San Martin jaiak ondo bukatzeko, herriko kuadrillen arteko norgehiagoka ohiko bilakatu da azken urteetan. Ikusmin handia sortzen duen ekintza izaten da, eta aurten ere hala izatea espero dute antolatzaileek. "Bai herritarrak, baita parte-hartzaileak ere, oso gustura aritzen dira, eta, kuadrillak batzen dituen urteko ekintza bakarra denez, gogotsu hartzen dugu", adierazi du Gazte Asanbladako kide Ainhoa Kortabarriak.
16 urtetik gora izatea da baldintza bakarra pikean parte hartzeko, gutxienez, sei pertsonako taldeak eginez.
Aurtengo edizioan egingo diren probak ezkutuan mantendu nahi izan dituzte antolatzaileek. Hori bai, urteroko proba nagusia ez da aldatuko aurten ere: Katxi Toldua. Horrez gain, beste lau proba egongo dira.
Iazko kuadrilla irabazleko kide da Joseba Cillaurren, eta jaiei bukaera emateko modu ezin hobea dela azpimarratu du. "Oso giro ona egoten da pikean, eta, irabaziz gero, gainera, beste poztasun batekin zoaz afarira", dio Cillaurrenek. Iazko garaipena errepikatzeko asmotan, aurten ere parte hartuko dutela adierazi du.
Herri afaria
Kuadrillen arteko pikearen ostean, herri-afaria egingo dute herriko plazan, 21:30ean. Ez da afari normala izango; izan ere, iaz egindako moduan, mozorrotuta emango diete aramaioarrek amaiera jaiei, eta mozorro onenak saria jasoko du. Horrez gain, Urrezko Gibelaren saria ere egongo da, jaietako parrandazale onenarentzat. "Afarian bakoitzak bere bozka emango du", dio Kortabarriak.