"Gerturatu zaitezte, dena ematera gatoz"

Eneko Azurmendi 2017ko eka. 29a, 17:06

Bihar, egubakoitza, Skakeitan taldeak kontzertua eskainiko du txosnetan, Liher eta Itziarren Semeak taldeekin batera, 00:00etan emango hasita. Skakeitan taldea lehen aldiz izango da Aramaion eta Galera izeneko disko berria aurkeztera dator. Pello Armendariz taldeko abeslariak kontzertura joateko deia egin die herritarrei.

Harrera ona izaten ari da orain arte zuen azken lana, Galera.

Hala da. Gure hirugarren lana da eta orain arte jasotako kritikak, behintzat, onak izan dira, eta hori oso positiboa da. Ordu asko sartu ditugu, eta, aitortza hori jasota, gustura gaude.

Lan handia izan da, beraz.

Denbora tartea beste bietan baino txikiagoa izan da, hamaika hilabetetan egindako lana da. Baina ordu asko sartu ditugu, abesti bakoitza dezente gehiago zaindu dugu, soinu mota ezberdinak aztertzen egon gara eta horrek denbora eskatzen du.

Izen handiko kolaborazioak izan dituzue disko honetan; esaterako, Fermin Muguruza eta Manu Chao.

Ferminekin bageneukan harremana aurrez, eta haren bitartez Manu Chaoren kolaborazioa ere izan dugu. Guretako, erreferenteak izan dira eta biak disko berean izatea handia da guretzat. Hala ere, beste hainbat kolaborazio ere izan ditugu, eta guztiekin oso gustura gaude.

Kolaborazio horiek guztiek beste plus bat eman diote diskoari.

Disko guztietan garrantzia ematen diegu kolaborazioei, gure inguruan ibili izan direnenak eta beste hainbatenak ere bai. Azken finean, aniztasuna ematen diote diskoari, eta aberastu egiten gaitu.

Nolakoa izan da elkarlana?

Orokorrean, ona. Adibidez, Manu Chaoren kolaborazioa zail ikusten genuen, honi Ulan Batortik ere abesti bat egiteko eskatzen diote eta zaila izaten da. Baina baiezkoa lortu genuen.

Esan daiteke musikalki beste pauso bat eman duzuela.

Bai. Bateria akustikoaz gain, elektronikoa ere sartu dugu, sintetizadoreak, ahots efektuak, koruak, eta abar. Denbora generaman horrelako gauzak egin nahian, eta, azkenean, egin dugu. Hirugarren disko honekin aurreiritzi asko kendu ditugu.

Zentzu horretan, bada aberatsa disko hau, ezta? Erritmo ezberdin asko ditu.

Estilo nahasketak batzen dituen diskoa da. Nik esango nuke rock oinarria daukan lana dela, estilo ezberdinekin nahastuta eta uztartuta. Reggae doinuak ditu, rap doinuak eta ska doinuak, zati melodikoagoak ere baditu.... Denetik pixka bat.

Zer moduz doa aurkezpen bira?

Orain arte, Euskal Herrian kontzertu gutxi eman ditugu. Espainian jo ditugu hainbat kontzertu, eta, orain arte, ikusten dugu jendea gerturatzen dela, gustura hartzen gaituzte eta harrera ona izaten ari gara.

Uda mugitua duzue.

Bai; herriko jaiez aparte, festibal batzuk ere baditugu, eta oso motibatuta gaude.
Aramaion, lehen aldiz. Nola salduko zenieke aramaioarrei eta debagoiendarrei zuen kontzertua?
Gerturatzeko dei egiten diet. Gu dena ematera goaz. Etxean entzun dezaketenaz aparte, zuzenekoak balio erantsia dauka. Disko berriko abestiez gain, zaharrak ere joko ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak