Asteari amaiera emateko, azoka

Eneko Azurmendi 2017ko mai. 12a, 10:19

Egun hauetan mota guztietako ekintzak izan dira Aramaion, Lorabarri Astearen baitan, eta antolakuntzako kide Irati Mujika "gustura" azaldu da antolatutako ekintzek orain arte eman dutenarekin; bihar, zapatua, azokak emango dio bukaera asteari.

Bukatzear da lehen sektorea ardatz hartzen duen Lorabarri Astearen bosgarren edizioa. Pasa den zapatuan garagardo azokarekin eman zitzaion hasiera eta ordutik hona askotariko ekintzak izan dira, astea osoan.

Antolakuntzako kide Irati Mujikak balorazio positiboa egin du asteak eman duenaren gainean. "Garagardo ikastaroan jendea oso gustura egon zen, garagardoa bera egiten, probatzen; domekan belar-meta egiten gogotsu aritu ziren, haur zein guraso, eta astean zehar egin diren ekintzekin ere pozik  gaude", azaldu du.

Orain, astea borobiltzea falta da. Hala, Lorabarri Azoka egingo dute bihar, zapatua, Bizente Goikoetxea plazan, 11:00etatik 14:00etara bitartean. Aramaioko eta Bizkaitik etorritako zenbait ekoizle izango dira, euren produktuak erakusten eta saltzen. "Egun handiena azoka eguna izango da. Hainbat postu jarriko dituzte plazan, eta, aramaioarrez gain, ekoizle bizkaitar batzuk ere gonbidatu ditugu aurten", adierazi du Mujikak.

Askotariko produktuak

Aramaioko ekoizleei dagokienez,  honako postu hauek egongo dira: Unda, Kerixara eta Ibabe, ardi-gaztarekin; Tximitxarte, Itturralde eta Lanbide, barazki ekologikoekin; Euzki, ogi ekologikoarekin; eta Atxineta, ahabia-zukuarekin eta marmeladarekin. Horrez gain, Arbel kooperatibak loreak eta landareak jarriko ditu eta bidezko merkataritza postu bat ere egongo da. Azkenik, Aramailur Kontsumo Elkarteak berak ere postu bat jarriko du.

Bestalde, Bizkaitik datozen gonbidatuen postuak hauek izango dira: Bizkaigane, esneki ekologikoekin eta Olatxuko marmelada eta barazki poteekin. Haiekin batera, azkenik, Dimako gaztagileak egongo dira.

Lehen sektorea oinarri

Asko dira antolakuntzatik transmititu nahi diren balioak: elikadura burujabetza, kontsumo arduratsua, eta abar. Mujikaren esanetan: "Balioan jartzen ari gara balio horiek, eta, urtean astebetez bada ere, guztion ahotan jartzen saiatzen gara, ezagutzera emateko".

Astean zehar egin diren zenbait ekintza

Garagardo ikastaroa. Etxeandia Garardauak enpresako Jon Etxeandiak garagardoa egiten erakutsi zien ikastaroan izena eman zuten guztiei. Etxeandiak berak azaldu du "oso ondo" joan zela saioa. Mujikak dio "gustura" aritu zirela bertaratutako guztiak.

 

Belar-meta. Ekintza polita izan zela nabarmendu du Irati Mujikak, antolakuntzako kideak. "Haurrak eta gurasoak izan ziren, batez ere, protagonistak. Dotore geratu dela esan dezakegu, ekintza polita izan zen eta jendeari gustatu zitzaion", zehaztu du.

 

Buztin tailerra. Sane Fisioterapiako Ane Remediosen eskutik, buztinaren erabilera terapeutikoak ezagutzeko aukera izan zuten haurrek eta erretiratuek. "Naturak ematen digun baliabide bat da buztina, eta ezagutaraztea izan da helburua", dio Remediosek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak