Antton Peña: "Ideia %10 da, exekuzioa, aldiz, %90"

Xabi Gorostidi 2017ko ots. 8a, 18:33

Londresen ekintzaile dabil aramaioarra, arrakastatsu. Bi enpresa propio sortu ditu eta aseguru enpresei zuzenduta dagoen droneen segurtasunari buruzko aplikazio bat da haren apustu berria.

26 urte izan arren munduko txoko ugaritan lanean eta ikasten aritutakoa da. Flock izeneko enpresa bat sortu du, eta aseguru-enpresentzat interesgarria izan daitekeen proiektu garrantzitsu bat du esku artean.


Noiztik zaude Londresen eta nolatan heldu zinen hara?
Leku askotan bizi izan naiz azkenaldian. Erasmus programaren bidez Frantziara joan nintzen, eta, ondoren, Italian finkatzea erabaki nuen, autoen munduan lan egiteko, eta, azkenean, Alemanian bukatu nuen Audi enpresarentzat lan egiten.

Interrail bidaia bat bezala, baina lan munduan?
Hala da. Hor daukazu elkarrizketaren titularra. [Barre]

Zenbat denbora egin zenuen Audin?
Urte erdi egin nuen han, eta horri esker hasi nintzen mugikortasunarekin lotutako jakintzan espezializatzen; hain zuzen, connected vehicle kontzeptuarekin zerikusia zuten gaietan. Eta gaur egun droneen inguruan daukadan proiektua kontzeptu horrekin oso lotuta dago.

Eta nola amaitu duzu Londresen?
Audin denboratxoa pasa eta gero erabaki nuen hori ez zela niretzat, eta beste zerbait behar nuela. Beraz, Londresera etorri nintzen master bat egitera. Kuriosoa da, berez, Londresen, New Yorken eta Tokyon egiten den masterra delako. Beraz, interrail 2.0 dela esan daiteke. Bi urteko masterra zen. Lehenengo urtea New York eta Tokio artean eta azkena, Londresen. Azkenean, asko bidaiatu ostean, Londresen geratzea erabaki nuen.  

Eta masterra amaitzean zeri heldu zenion?
Masterrean bertan proiektu bat garatu nuen ikaskide batzuekin, eta egitasmo horri jarraipena emateko enpresa bat sortu genuen, Farewill izenekoa. Internet bidez testamentuak egiteko zerbitzua eskaintzen du,  farewell (agurra) eta will (borondate, testamentu) hitzen arteko jokotik datorkio izena. Gaur egun martxan jarraitzen du, baina nik ez dut bertan lanik egiten, nahiz eta akzioduna izan.

Deigarria egiten zait, ideia bat, enpresa bat, sistema hori. Ekintzaile izatearen esentzia da, azken finean?
Benetan berritzailea den zerbait egin nahi baduzu, konturatzen zara oso zaila dela estrukturatuta dagoen enpresa zuhur batean horrek lekua izatea. Garrantzitsuena proiektu horretan %100ean sinisten duen eta erabat inplikatuta dagoen talde baten lan egitea da, eta, horretarako, txikitasuna abantaila bat da kasu askotan.

Txikitasuna aipatu duzu. Ekintzaileen bideragarritasunaren klabeetako bat ideia espezifikoak eta konkretuak izatea da?
Baietz uste dut. Ideiak behar bat ase behar du, eta hori zenbat eta zehatzagoa izan, orduan eta hobeto. Ekintzaileen artean asko entzuten da ideia %10 dela eta exekuzioa, aldiz, %90. Eta, hein handi batean, horrela dela uste dut. Ekin handia behar da egunetik egunera ideiatik harago joateko, eta, horren ondoren, ideia bideragarri izateko jende askorengana jo behar duzu, hori saltzeko, finantziazioa lortzeko...

Enpresa propioa sortzearen alde eginda, finantziazioa lortzea al da prozesurik zailena?
Beste batzuentzat ez da zailena izango, baina, finantzetan aditua ez naizenez, baietz esango nizuke. Enpresan dirua sartzen duen orok errentagarritasuna du helburu, etekin bat atera behar du bertatik. Nire kasuan, data enpresaren errentagarritasuna lantzea derrigorrezkoa izan da nire hasierako ideia erromantiko hori aurrera ateratzeko. Ezin zara unifazeta izan, eta beharrezkoa da prozesu osoaren ikuspegi globala izatea.

Flock enpresari dagokionez, zertan datza? Zein bidetatik heldu zinen produktuaren ideia garbi izatera?
Ideia garbi izatea baino gehiago, ideiaren alderdi batzuk garbi nituelarik hasi zen guztia. Masterra egiten ari nintzela droneekin lotutako proiektutxo bat egin nuen. Etorkizuneko garraio sisteman hazteko aukera asko zituen garraiobidea izan zitekeela ikusteak erakarri ninduen.  Egunero milioika bidalketa egiten dituzten DHL edo Amazon bezalako enpresentzat aukera handia da. Etorkizunera joan gabe, gaur egun, Amazonek 350 langileko laborategi bat du Erresuma Batuan egunero droneekin probak egiten.

Eta zein izan zen merkatu horretan ikusi zenuen zirrikitua?
Droneak erabiltzen aditua ez bazara, hegaldi amateurren arrisku maila altua izaten da. Beraz,  arriskua neurtzeko Big Data sistema bat garatzearen alde egin nuen. Hegaldia hasi aurretik arrisku hauek neurtuko dituen neurgailu bat: zenbat jende dagoen inguruan, zenbateko trafikoa dagoen, zenbat eraikin eta zuhaitz dauden, ea kablerik dagoen, zein eguraldi dagoen... horrekin guztiorrekin, 0tik 10erako arrisku metrika bat egiteko. 

Eta zein zen publiko objektiboa?
Hasieran, erabiltzaileei zuzendutako produktua zen, baina konturatu ginen hauek ez zutela ordainduko hori neurtzearren. Eurentzako euren hegaldiak nahiko seguruak dira. Beraz, buruari bueltaka jarri ginen, eta aurkitu genuen zerbitzu horrengatik ordaintzeko prest zegoen segmentua: aseguru-etxeak.

Droneekin dabilen ororentzat beharrezkoa da asegurua izatea, ezta?
Hala da. Urte osorako aseguruak izaten dira, eta, nahiko produktu berriak direnez, ez dute malgutasun handirik eskaintzen. Berdin balio du dronea erabiltzen aditua denarentzat zein hasiberria denarentzat. Berdin urtean 100 hegaldi egiten dituenarentzat zein urtean behin erabiltzen duenarentzat. Gure aplikazioarekin hegaldi solteak aseguratzeko aukera eskaintzen diegu aseguru-enpresei. Horrez gain, aseguru-etxeentzat, erabiltzaileek hegan hasi aurretik euren arriskuak ondo ezagutzea klabea da hegaldien arrisku probabilitatea jaisteko eta errentagarritasuna handitzeko. Legediaren eta arriskuen ezagutzarekin lotutako jakintza hedatzeko ere balio du, eta hori interesgarria da gobernuentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak