Santa Ageda eguna Aramaion ongi erroturik dagoen ohitura da, eta tradizioari jarraiki aurten ere kantu giroan murgilduko dira Aramaioko kaleetako eta auzoetako bazterrak.
Aurten laugarrenez, herriko lau kultur talde batera aterako dira Santa Agedako zapatuan eskea egitera. Azken asteetan Bertso Eskolako, Bizente Goikoetxea eta Papargorri abesbatzetako eta Trikitia Taldeko kideak eguenero elkartu dira elkarlanean egun berezi hau prestatzeko.
Baina auzoetan ere betidanik egon da Santa Ageda egun berean kantuan aritzeko tradizioa, eta aurten zapatua izanik, herriko lau taldeekin bat egingo dute egun berean. Trikitia taldearen kasuan, faktore horrek eragina izan du, partaideek batean edo bestean aritzea erabaki behar izan dutelako. "Gure taldeko partaide asko auzoetan bizi dira, eta normala den legez, bertan aritzea erabaki dute" azaldu du Ainhoa Ullibarriarana trikitilariak.
Hiru entsegu
Urtarrilaren 19an egin zuten aurtengo kalejira lantzen hasteko lehen entsegua. Lau taldetako koordinatzaileek bat egin zuten esanez nahiko jende gutxi agertu zela. "Horrelako kasuetan normala izaten da, lehen entsegura jende gutxi hurbiltzea. Baina eguna gerturatzeaz bat, jende agertzen hasten da" azaldu Larraitz Arriolabengoa Papargorri abesbatzako koordinatzaileak.
Hori ikusita herritarrei entseguetan parte hartzeko deia egin zieten eta joan den asteko entseguan jende kopuru polita agertu zen.
Aurten ere aurreko urteetako ibilbide bertsua egingo dute. Goiz partean bi taldetan banatuko dira eta Zalgo, Arraga, Salazan eta Ametzu ingurutik aritu ondoren, Iturrieta sagardotegian batuko dira bazkaltzeko. Bazkal ostean kalegunera jaitsiko dira, Ibarra kantuz alaitzera. Aurtengo bazkarirako 55 lagunek eman dute izena.