Jone Oianguren: "Ezusteko atsegina izan da selekzioaren deia"

Xabi Gorostidi 2016ko abe. 8a, 16:30

Hamasei urteko aramaioarrak 18 urtez azpiko Espainiako izotz hockey selekzioaren deia jaso eta abenduaren 5etik 8ra Valdemoron izan da estatuko jokalari hoberenen artean.

Bere ahizpa Ainhoarekin batera Gasteizko Sumendi taldean jokatzen du. Bertan erakutsitako maila txukunak bere fruitua eman ostean, lehen aldiz deitu dute estatuko onenekin trebatzeko.


Espero zenuen espainiar selekzioaren deia jasotzea?
Ba ez nuen espero, egia esan. Aurretik selekzioan aritzen ziren atezainen maila oso altua  izan da. Ni baino hobeagoak zirela uste nuen, baina azkenean deitu egin naute.  


Nola jaso zenuen albistea?
Hasieran ez nuen sinisten. Nire aitak mezu bidez bidali zidan konbokatutako jokalarien zerrenda eta bertan nire izena ikustean poz-pozik jarri nintzen.


Onenen artean aukeratua izateko lan eta esfortzu handia egingo zenuen aurretik ?
Nire kasuan hau da izotz hockeyan jokatzen dudan hirugarren denboraldia, eta entrenamendu eta ordu asko eskaini dizkiot. Horrez gain, nire dohainak hobetzeko, aitak Finlandiara joatea proposatu zidan, eta iazko abenduan astebeteko ikastaroa egin nuen bertan. Teknifikazio hobetzeko ezin hobeto etorri zitzaidan, izotz hockeyan tradizio luzea duen herrialdea baita Finlandia.


Zer nolako esperientzia izaten ari da Valdemoroko kontzentrazioa?
Astelehenetik osteguneraino iraungo du kontzentrazioak, eta egia esan nahiko gogorra izaten ari da. Atzo (astelehena) lau ordu eta erdiko lan saioa egin genuen izotzetan, eta ondoren atal fisikoa ere landu genuen. Gaur, adibidez, beste hiru ordu egin ditugu izotzetan eta ostean berriro ariketa fisikoak. Esperientzia aberasgarria izaten ari da, baina aberasgarria bezain gogorra ere.

 


Bi taldekiderekin batera joatea lagungarria izan da zuretzat?
Beraiek absolutuarekin jokatu dute, eta nik, aldiz, 18 urtetik beherakoekin. Hala ere, bi taldekide gertu edukitzea laguntza handia izan da niretzako. Beste mentalitate batekin joaten lagundu didate, konfiantza gehiagorekin.


Aurreko asteburuan emakumeen izotz hockeyko olinpiada aurreko txapelketa jokatu zen Donostian. Alde aldia ikusi al zenuen Espainia eta tradizioa gehiago duten herrialdeen artean?
Igartzen da besteek urte asko gehiago daramatzatela izotzetan.  Pukera lehenago heltzen ziren, kontrol gehiago zuten, jaurtiketa hobeagoak... Jokoaren alderdi gehienetan igartzen da hori.  Baina egoera horretan Espainiako atezainak lan gehiago izaten du eta txundituta utzi ninduen hark erakutsitako maila apartak.


Atezainek babes ugarirekin jokatzen duzue. Arriskutsua da hockeyko atezaina izatea?
Nik uste dut ezetz. Daramatzagun babesekin oso zaila da min hartzea. Hasieran harritu egin zaitezke pukak aurpegiko babesean ematen dizunean. Baina gero ohitu egiten zara. Kanpotik dirudiena baino seguruagoa da.


Atezainek jaurtiketak gelditzeaz gain, taldekideei aginduak ematen al dizkiezue?
Guk jokoaren eta zelaiaren ikuspegi garbiagoa dugu, eta aginduak baino gehiago abisuak ematen dizkiegu gure taldekideei.


Nola ikusten izotz hockeyaren egoera Euskal Herrian?
Pixkanaka gorantza doala uste dut. Lineako neska askok izotzera jauzia egin dute, eta badabil poliki poliki indartzen.  


Oihartzun bera al du nesken eta gizonen hockeyak?
Aldea badago. Gizonezkoek liga amaitzean playoffak jokatzen dituzte. Nesken kasuan, talde gutxiago daudenez, bost partiduko liga jokatzera mugatzen gara. Bigarren buelta eta play-off-ak edukiz gero, gehiago jokatzeko eta gure jokoa hobetzeko aukera izango genuke.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak