Auzitegi Konstituzionalak berriro ikertuko du Aramaion bizi den Irati Mujikak torturak jasanagatik jarritako salaketa. 2009ko azaroaren 24ko goizaldean Guardia Zibilak Amezketan atxilotu zuen, Segiren aurkako sarekada batean (2014ean bera eta beste 39 gazte absolbitu zituen Auzitegi Nazionalak). Espainiako Poliziak astebetez eduki zuen inkomunikazio egoeran, eta tarte horretan torturak jaso zituela salatu zuen 2010eko apirilean.
Hainbat helegite jarri ostean, 2013ko martxoan auzia artxibatzea erabaki zuen Madrilgo Probintzia Auzitegiak. Hori ikusirik, kasua Konstituzionalera eramatea erabaki zuen Mujikak, eta hiru urte baino gehiago pasa ondoren etorri da erantzuna.
Auzitegi konstituzionalak tortura salaketaren artxibatzea bertan behera uztea agindu du, ez zirelako hura frogatzeko baliabide guztiak erabili. Auzi medikuen deklarazioa aintzat hartuta bakarrik artxibatu zen kasua. Ez ziren kontuan izan Mujikak berak, edo polizia etxean deklaratu zuenean egon zen ofiziozko abokatuak egin zitzaketen deklarazioak. Hori dela eta, Francisco Perez de los Cobos buru duen epaimahaiak astelehenean ebatzi zuen ez zela ikerketa eraginkor bat egin.
Bide batez zaintza judizial eraginkorrerako eskubidea urratu ziotela onartu diote Mujikari, eta kasua berriz ikertzea erabaki dute. Gaur goizean egin du deklarazioa Mujikak Madrilen. "Bere egunean egindako salaketa berretsi dut. Orain epaileak ikusi beharko du kasua artxibatu edo Guardia Zibilen aurkako epaiketa batera iristen den nire tortura salaketa".