Aramaio munduko inprobisatzaileen erdigune bilakatu zen atzo. Europa bat-batean egitasmoko udaberriko saioen azken emanaldia izan zen atzokoa. Apirilaren 16an hasita, Euskal Herriko zazpi plaza bisitatu ditu inprobisatzaileen bira honek, eta atzokoarekin eman zioten amaiera.
Hiru inprobisatzaile modalitate ikusteko aukera izan zen: bertsolariak, Kurdistango Dengbeja kantu inprobisatzaileak eta Sardiniako kantariak. Azken bien esanak ikusleei helarazteko momentuko itzulpenak egin zituzten antolatzaileek. Bertsolari lanetan Xabi Igoa aramaioarra aritu zen, Beñat Gaztelumendirekin batera.
Saioaren hasieran partaide guztiek agur bat abestu zuten, bakoitzak bere jardunean. Jarraian, taldeka aritu ziren; lehenik eta behin Zinar Ala abeslari kurdua, ostean Simone Monni eta Paola Dentoni cantadore sardiniarrak eta Stefano Cara eta Michele Deiana ahots laguntzaileak, eta azkenik, bertsolariak.
Ondoren heldu zen momenturik bereziena, estilo ezberdinak elkarrekin aritu zirenean. Beñat eta Paola izan ziren lehenak, eta ondoren Xabi eta Simonek jarraitu zieten. Azken honek, Peio Josepe doinua hartuta, euskaraz abestutako bertso bat abestu zuen, bira honetan bizitakoak eskertzen. Beñat Gaztelumendik hartu zion lekukoa eta hiru bertso latz bota zituen bizitako esperientzia aberasgarriaren inguruan.
Amaitzeko, Egun da Santimamiñe doinuarekin azken kantuak egin zituzten elkarrekin. Xabi Igoaren esanetan "ikusgarria izan da jardun ezberdinak izan arren, denen artean lortu dugun elkar ulertzea".