Munduko inprobisatzaileen topaketa, motorrak berotzen

Eneko Azurmendi 2016ko api. 22a, 12:38
Igor Elortza bertsolaria, Bilboko saio baten.

Ekimen nagusia uztailean izango da, Donostian, baina aurrez, Euskal Herriko hainbat herritan saio batzuk egiten ari dira, beroketa gisa. Herriz herri ibili ostean, bihar Aramaion izango dute hitzordua beroketa jardunaldi hauek, 19:00etan, Kultur Etxean (sarrerak 5euro, leihatilan).

Azken geltokia izango da biharkoa, eta Xabi Igoa aramaioarra eta Beñat Gaztelumendi bertan izango dira bertsolari lanetan. Bilbon, Hernanin, Donostian, Iruñean eta Markina-Xemeinen egin dute orain arte, eta gaur Uztaritzen izango da. Hiru fase ditu ekimen honek: lehenengoa 2015eko udazkenean burutu zen eta Leonen eta Bartzelonan egin zituzten lehen saioak. Egiten ari diren jardunaldi horiek egitasmoaren bigarren fasea osatzen dute. Azkenik,  esan bezala, uztailean egingo den topaketak biribilduko du proiektu hori.

Ekimen honen helburua da kultura arteko zubiak eraikitzea. "Nahi duguna da munduan zehar egiten dena ikustea eta aztertzea, eta haiek ere ikustea guk hemen egiten duguna zer den eta nolakoa den", azaldu du Amaia Goikoetxeak, Bertsozale Elkarteko kideak.

Hori horrela, nazioartetik hainbat kantu inprobisatzaile etorri dira Euskal Herrira, eta guztien jarduerak uztartzen ari dira aste honetan zehar. "Nazioarteko inprobisatzaileen ereduak eta haiek inprobisazioa nola lantzen duten ikustea oso aberasgarria da", adierazi du Xabi Igoa bertsolari aramaioarrak. Kataluniako glosalariak, Sardiniako kantariak eta Kurdistango Dengbeja kantu inprobisatzaileak ari dira parte hartzen, bertsolariekin batera.

Belaunaldiz belaunaldirako transmisioa, gutxiengoan dauden hizkuntzen testuinguruen eta ahozko tradizioaren arteko erlazioa, ezagutzen ez ditugun kantu inprobisatuen deskripzioak eta genero-ikuspegia dira Europa bat-batean egitasmoaren baitan eskaintzen ari diren hitzaldi eta bat-bateko saioetan landuko diren gaiak.
Adierazpide bakoitzeko bina inprobisatzaile ari dira,  adierazpide bakoitzak eskatzen dituen gai-jartzaile, musikari eta ahots laguntzaileez gain. Gainera, atzerriko inprobisatzaileen jarduera ulertzeko, bat-bateko itzulpena eskaintzen ari dira emanaldietan, pantaila baten bitartez.

Saio bakoitzean, jarduera bakoitza bere aldetik abesten da eta jarduera desberdinen arteko nahasketak ere egiten dituzte. Argazkian, adibidez, Igor Elortza bertsolaria eta Christian Simelio  glosalari kataluniarra agertzen dira, bien artean osatutako saioan, Bilbon.

Mintzola Ahozko Lantegiak eraman du aurrera, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin batera eta tokian tokiko erakunde eta eragileekin elkarlanean. Aramaiori dagokionez, Arabako Foru Aldundiak babestu du bertako saioa. Aurrekari bezala, 2003. urtean Ahozko inprobisazioa munduan  izeneko nazioarteko topaketa egin zen, Bertsozale Elkarteak antolatuta. Hau ere Donostian egin zen. Elkarrengandik ikasteko helburua izan zuen orduko topaketa hark, eta, hain zuzen, aurten ere gauza bera errepikatu nahi izan da Europa bat-batean ekimenarekin.

Xabi Igoa herrian

Biharko saioan Xabi Igoa bertsolariak bere herrian jarduteko aukera izango du, Beñat Gaztelumendirekin batera.
Horrelako ekimen baten parte hartzea eta, gainera, bere herrian izatea ederra dela nabarmendu du. "Parte hartzeko deitu zidatenean, ez nuen bi aldiz pentsatu, zalantzarik gabe eman nuen baiezkoa", dio Igoak.

Esperientzia aberasgarria izango delakoan dago aramaioarra, eta "irrikaz" dago biharko eguna iristeko. "Behin Aramaion bertan egin genuen horrelako saiotxo bat, Menorcako lagun batzuekin, baina hau desberdina izango delakoan nago", nabarmendu du.

Orain arteko saioek  erantzun bikaina izan dutela azpimarratu du eta biharko ere gauza bera espero du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak