Atzokoa egun berezia zen aramaioar askorendako, hilabeteak egin dituztelako lanean, Bizente Goikoetxearen hil osteko 100. urteurreurrena txukun prestatzen. Eta egun berezia elgetar batendako, 1954an Goikoetxearen omenezko eskultura egin zuen Lorenzo Askasibarrendako –konponketa lanetan laguntzen ibili da–. Bada, Askasibarrek berak hasi zuen ekitaldia, eskultura azpian jarri duten plaka bertaratutakoei bistaratzen lagundu zuelako, eta Bizente Goikoetxea gogoan izateaz batera, Askasibar bera ere omentzeko balio izan zuen ekitaldiak.
Ekitaldia, Kultura etxean
Hasierako asmoa zen ekitaldi osoa Bañera parkean egitea, eskultura bera dagoen tokian, baina eguerdian euria egin zuen, eta arratsaldean ostera ere botako zuen beldurrez, dantzari gaztetxoek Aurreskua dantzatu ostean, eta Askasibarri hainbat oroigarri eman eta gero, ekitaldiak aterpean jarraitu zuen.
Herriko abesbatzak, batera
Eta ekitaldiaren bigarren zatia ere polita izan zen, aramaioarrek herritarrendako egindako emanaldia izan zelako. Larraitz Arriolabengoak pianoan, eta Manex Agirrek bertsotan, Goikoetxea zenaren bizitza gerturatu zuten. Ondoren, Lierni Altuna alkateak herritarrek egindako lana azpimarratu zuen, eta gazteleraz, Valladolidetik etorritako lagunei eskerrak eman zizkien, Goikoetxearen lana han zabaltzeko egiten dabiltzan lanagatik –Bizente Goikoetxea Valladoliden bizi izan zen–.
Igone Martinez de Luna Aldundiko kultura, euskara eta kirol diputatuak aurreratu zuen Jose Mari Velez de Mendizabalek idatzitako liburua –Bizente Goikoetxea nor izan zen azaltzen lagunduko duena– urrian argitaratuko dutela. Eta, ondoren abesbatzen txanda etorri zen: Elai gazte abesbatzaren, Papargorriko gaztetxoen eta Bizente Goikoetxea Abesbatzaren emanaldiarekin. Aretoa goraino bete zen emanaldia ikusteko, eta lunchean ere kantuan egin zuten, baina oraingoan herritarrek.