5.000 ale atera dituzte eta etxez etxe banatzeaz gain, Aramaioko landa-turismoetan ere utziko dituzte hainbat ale. "Gainera, inguruko herrietako turismo bulegoetan era utziko ditugu", azaldu du Lierni Altuna alkateak. Helburu nagusia da herria ezagutzera ematea: batetik, bertakoendako balioko du, "gehiago jakin dezaten" Aramaioren inguruan; eta, bestetik, kanpokoendako laguntza izango da ibilbideak, natur baliabideak eta beste hainbat gauza ezagutu dezaten.
Ibilbideak azaltzen dituzte
Esku-orriak bi aldeetan du informazio. Alde baten mapa toponimikoa agertzen da; sinbologia bitartez landa-etxeak non dauden, atsedenguneak, karobiak, baselizak... non aurki daitezkeen ikus daiteke. Horrez gain, auzo guztien gaineko informazioa dakar, baserriak identifikatuz. Mapa toponimikoaren eskala da 1:20.000. Informazioa Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza politikarako sailburuordetzaren datu basetik eta Aramaioko Udaletik hartutakoa da.
Horrez gain, Aramaion egin daitezkeen ibilbideak ere agertzen dira. Guztira 11 ibilbide daude: 2,12 kilometrokoa motzena eta 13,33 kilometrokoa luzeena.
Ortoargazkia
Esku-orriaren beste aldean ortoargazkia dago –2014. urtekoa, Ingurumen eta lurralde politika sailarena–. Aramaioko naturaren gaineko informazioa, Aramaioko ondare historiko eta kulturala eta Aramaioko mitologiaren gaineko informazioa dakar mapak. Informazio horiek aurkezteko erabili duten argazkiak Alex Mendikute aramaioarrarenak dira.
Urkiolako parkea, Albinagoiko baso erreserba, Mirugain basoa, Albinako urtegia, Aurtola burdinola, Letazurreko hilobiak, Ipiztikoarriaga eta beste hainbat leku aurki daitezke mapan. Arabako pinus radiata altuenei buruzko informazioa ere badakar.