Bizente Goikoetxea konpositorea omenduko dute jaioterrian

Arantzazu Ezkibel Galdos 2016ko ots. 27a, 09:00

Bizente Goikoetxearen irudia.

Bizente Goikoetxea konpositore aramaioarra hil zela 100 urte beteko dira aurten –Aramaio, 1854ko apirilaren 5a / Valladolid, 1916ko apirilaren 9a–. Urteurrena aprobetxatu gura dute Aramaioko musikagile handia gogora ekarri eta omentzeko. Apirilaren 16an egingo dute mendeurrenaren inaugurazio ekitaldia, eta ekainean kontzertu berezia egingo dute hainbat abesbatzak. Musika sakratua konposatu zuen Goikoetxeak, eta Europa mailan lortu zuen ospea. Gaur egun ere, musika sakratuko kontzertuetan Goikoetxearen lanak programatzen dituzte.

Apirilaren 16an egingo dute mendeurrenaren inaugurazio ekitaldia. Bañera parkean dagoen estatuaren ondoan izango da inaugurazioa. Dantzariek aurreskua dantzatuko dute, bertsolariek Goikoetxearen bizitza bertsotan abestuko dute eta Papargorri eta Bizente Goikoetxea abesbatzek emanaldia egingo dute. Inaugurazioan izango dira Udaleko ordezkariak, Diputazioko ordezkariak eta Goikoetxearen estatua egin zuen Lorenzo Askazibar elgetarra –1954.ean egin zuen–. Gainera, mendeurrena aprobetxatuz, Foru Aldundiaren laguntzarekin estatua eraberrituko dute aurten.  

CD bat grabatuko dute 

Ekainean kontzertua eskainiko dute Koro Arabak –Aitor Saez de Kortazar zuzendaria– eta Grupo de Camara de Gasteiz abesbatzak –Sabin Salaberri aramaioarra da zuzendaria– Aramaioko parrokian. "Goikoetxearen obrak interpretatuko dituzte, eta grabatu egingo da CD bat argitaratzeko", azaldu du Aramaioko kultura zinegotzi Cristina Etxenagusiak.

Hurrengo ekitaldiak urrian izango dira. Mahai-ingurua egingo dute musika alorreko hainbat profesionalek eta Goikoetxearen bizitza eta lana ezagutzen duten hainbatek: Floren Unzueta, Sabin Salaberri, Rafa Mendialdua eta Victor Mendialdua izango dira mahai-inguruan. Saioa gidatuko du Josemari Velez de Mendizabal aramaioarrak.

Goikoetxearen lana, liburuan 

Goikoetxearen bizitza eta lana jasotzen duen liburua idazten dabil Josemari Velez de Mendizabal. Bada, urrian, mahai-ingurua egiten dutenean liburuaren aurkezpena ere egingo dute. "Liburua oso dibulgatzailea izango da, aramaioarrok eta Bizente Goikoetxea ezagutu gura dutenek hobeto ezagutu dezaten", azaldu du Velez de Mendizabalek. 

Idazleak azaldu du Goikoetxea sakonago ezagutzeko balio izan diola lan horrek: "Goikoetxearen inguruko libururik ez dago egun; erreferentziak daude, aldizkari eta diskoetan, eta hura ezagutu zutenen testimonioak", gaineratu du. 

Udazken Zikloa

Mendeurren ospakizunekin amaitzeko, azaroan organo kontzertua egingo dute Parrokian. Emanaldi hori Aldundiak egiten duen Udazken Zikloaren barruan izango da. 

San Martin eskolakoen omenaldia

San Martin Eskolak ere bere aletxoa ipiniko du mendeurrenean. Apirilean ekitaldi bat egingo dute Goikoetxea gogora ekartzeko.

Aramaiotik kanpora ere omenduko dute

Aramaion bakarrik ez, Aramaiotik kanpora ere gogora ekarriko dute aurten Goikoetxearen lana. Errenterian, adibidez, maiatzean egiten duten euskal musikagileen kontzertuetan Bizente Goikoetxearen obrak joko dituzte. Araba abesbatzak, Samaniego eta Gasteizko ganbara abesbatzak interpretatuko dituzte aramaioarraren lanak. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren laguntza izango dute. Valladoliden ere hainbat ekitaldi egingo dituzte kapera maisua izan zena omentzeko.

 Mendeurrena antolatzen diharduen lantaldea

Aramaioko Udalak lantalde bat jarri du martxan urteurrena antolatzeko. Cristina Etxenausia Kultura-kirola batzordeburua, Rafael Bengoa EAJko zinegotzia, Sabin Salaberri, Jose Mari Velez de Mendizabal, Jose Luis Madina, Larraitz Arriolabengoa, Iban Pagaldai, Itxaso Aspiazu eta Lierni Altuna daude batzordean.

 

Josemari Velez de Mendizabali elkarrizketa

Jose Mari Velez de Mendizabalek Goikoetxearen inguruko argibideak eman ditu.

Aramaioko seme ospetsuenetariko bat da?

Hala da, Aramaioar guztiok ezagutzen dugu izena eta danok dakigu musikaria izan zela. Beste gauza bat ote dakigun ze egin zuen eta nolako garrantzia izan zuen. Garai batean eskaini zitzaion eskulturak lagundu du izena bizirik mantentzen.

Zer egin zuen?

Europako musika sakratua hankaz gora ipini zuen. Bizente Goikoetxeak Valladolideko kapera maisu kargua eskuratu zuenean, eta katedralean aritu zenean musikari moduan, barnean zeraman grina bideratu zuen musika sakratua behar den bezala egitera. Horregatik, bere izena iritsi zen Europa guztira; hemen bezain ezaguna izan zen Europan. Gaur egun ere, kontzertu sakratuetan programatzen dira Goikoetxearen lanak. Azken 25 urteak oso oparoak izan zituen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak