Bertsoa, bertsoa eta bertsoa Izarran, Gorbeialdeko bost talderekin

Arabako Bertsozale Elkartea 2016ko urt. 24a, 10:50
Izarrako saioko parte-hartzaileak.

Gorbeialdeko bost taldek hartu dute parte Arabako Bertso Kuadrillartekoaren lehenengo saioan. Bertsoa, bertsoa eta bertsoa: besterik ez da entzun Izarran, larunbatez, goiz eta arratsalde. Bost talde hauek hartu dute parte: Elexpuru ta 4 (Aramaio), Ez jatzu gustau biher (Aramaio), 4 oinetan poto (Murgia), Bertsolahariak latxak (Urkabustaiz) eta Bostibaieta (Legutio).

Zer den auzolana. Bertsolalahariak latxak taldeak (Izarra) txokoa jartzen du, eta Elexpuru eta lau taldeak sukalde-lanak egiten ditu. Gorbeialdeko punta batetik besterako harreman estua sumatu da goizeko lehen orduetatik hasita, Izarran. Horixe baita aurtengo kuadrillartekoaren helburu nagusietako bat: taldea egitea, bertsoa modu kolektiboan bizitzeko aukerak zabaltzea. Asmo horrek paella eta okela gisatu usaina hartu du goizean goizetik.

Behin oinarrizko azpiegitura prestatua, ahotsak berotzen hasi dira. Tabernaz taberna, atletarik onenen neurriko lanak egin behar izan dituzte bertsolariek: 100 metro bertsotan, oztopo-lasterketa, maratoia… Kirol-formatua aitzakia ederra izan da taldeen arteko erronka-giroa erakusteko. Legutioko Bostibaietak, Aramaixoko Elexpuru ta lauk eta Ez jatzu gustaukok, Zuiako Lau oinetan potok eta Urkabustaizko Bertsolahariak txahalak taldeek, ariketaz ariketa, ederto girotu dituzte barruak eta kanpoak.

Bazkarirako deiak bazkaria ekarri du, eta bertso-festak atseden hartu du tarte batez. Hala ere, ez da luzerako izan: bazkalosteko patxada ederrean, talde bakoitzak bertso-erronka bat proposatu die gainontzeko taldeei. Denetik egon da: errima-matxakea, bertso-marrazkia, pertsonai izkutua, artopotoa eta bertso-arrautza. Denek izan dute bertsoa eta jolasa ardatz, eta barre-algara galantak entzun behar izan dituzte Behekoiturri elkartearen inguruan bizi diren urkabustaiztarrek.
Eguzkia sartzearekin batera bukatu da Gorbeialdeko topaketa, Zelaietaren kontzertuarekin. Bakoitza bere herrira eta etxera joan da, bertso-zapore gozoa ezin kenduta. Eta airean zurrumurru bat: “hau berriz egin behar dugu”, “Honek jarraitu egin behar du”… Ea egia den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak