Jon Toñak uste du gunea martxan jartzen denean familia gehiago animatuko direla. "Konpost gunea jarri behar dugun lekuan badago aukera konpostagailu gehiago jartzeko", dio Toñak.
Formazio saioak goiz eta arratsaldez
Ikastaroak izango dira:
- Azaroaren 3an, 5ean eta 6an: 18:00etan udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
- Azaroaren 7an: 10:30ean udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
Beste bi saio ere egingo dituzte, baina oraindik adostu barik dute ordutegia.
Azaroan jarriko dute martxan
Azaro erdirako gertu egongo da gunea. Ikastaroa egiten dutenean konpostagailuko giltza eta etxean hondakin organikoa batzeko kubotxoa jasoko du familia bakoitzak.
Konpost gunean lau konpostagailu jarriko dituzte, eta horiez gain, egituratzailea –materia sikua– egongo den edukiontzia.
Bi eskaera mota
Bi eskaera mota izan dituzte udaletxean: "Ibarran bizi direnak eta konpost gunea erabiltzeko izena eman dutenak daude batetik; eta, bestetik, baserrietan bizi direnak, eta dagoeneko konposta egiten dabiltzanak baina gehiago jakin nahi dutenak daude", azaldu du. Interesa duen edonork du aukera ikastaroan parte hartzeko.
Vermicanek emango ditu ikastaroak: guztira sei saio egingo dituzte baina oraindik lau saio bakarrik zehaztu dituzte.
Jasangarritasunaren alde
"Konturatu ginen herrian bazegoela hondar organikoa modu jasangarrian jasotzeko behar bat", dio Toñak. "Errefusera botatzen dugun ehuneko handi bat hondakin organikoa dela kontuan hartuta, zentzua dauka proiektu honek", gaineratu du Toñak.