Jesusa Bergaretxe: "Gure baserrian batzen ziren azken gariak, beste guztiak ebaki ondoren"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2015ko urr. 2a, 13:00
Jesusa Bergaretxe Etxaguengo elkartearen aurrealdean.

Aurtengo San Martin jaietan pregoilari lanak egin ditu Jesusa Bergaretxek beste hiru lagunekin batera. Betiko ofizioak mantendu dituztenak omendu nahi izan zituen Udalak. Bergaretxe baserriko lanetan ibili izan da urte askoan. Izan ere, Aramaioko baserri altuenean bizi da Bergaretxe, Ipurtotz baserrian. Kalera gutxi jaisten dela dio; auzoan egiten du bizitza, eta baserri giroan ibiltzen da gustura.

Ipurtotz baserrikoa zara. Nondik datorkio izena etxeari?
Garai batean Etxangarai zen baserriaren izena, Udaletxeko dokumentuetan ere horrela dator. Izenaren istorioa hau da: garai batean auzolanean egiten ziren baserriko lanak. Bada, gure baserrian batzen ziren azkeneko gariak, beste guztiak ebaki ondoren. Istorioak dio, gure etxe parean, beherago bizi zen emakume bat bazebilela igitaiarekin garia ebakitzen. Igitaiarekin, makurtuta zebilen; garai hartan, gonarekin ibiltzen ziren eta ipurdia hoztu zitzaion eta esan omen zuen: hau ez da Etxangarai, hau Ipurtotz da. Emakume baten esaerak horrelako influentzia izatea arraroa egiten zait, baina egia da orduko dokumentuetan Etxangarai dela baserriaren izena.

Aurtengo San Martin jaietan pregoilari lanak egin dituzu, beste herrikide batzuekin batera.
Kultura zinegotziak egin zidan proposamena. Horrelakoetan ez dut ezezkorik esaten; hortaz, joan egin nintzen. Lau lagun joan ginen. Garai bateko lanbideak egiten dituztenak omendu nahi zituzten, eta ni auzoko ordezkari moduan joan nintzen. Nik baserriko lanak egin izan ditut.

Pregoilari lanetan nola moldatu zinen?
Etxafuegoa bota genuen eta hitz batzuk esan genituen. Ez genuen aparteko lanik egin. Baserriko lanen ordezkari moduan egon nintzen.

Baserrikoa izan arren, Arrasaten bizi izan zinen hainbat urtez.
Bai, Arrasatera ezkondu nintzen; hala ere, aste bukaeratan beti etortzen nintzen baserrira. Gero, aita gaizki jarri zen eta baserrira itzuli nintzen.

Txorizoak, buzkantzak eta beste egiten dituzu.
Etxean ikasi nuen horiek egiten; gainera, ama gazte hil zitzaigunez –orain dela 49 urte–, gerora nire kabuz gehiago ikasi dut. Eginaz ikasten da. Egiten ditudan odolkiak saldu egiten ditut, Aramaion eta inguruko herrietan. Txorizoak erostera partikular asko etortzen zaizkit etxera, adibidez.

Txorizo onak egiteko sekretua zein den esan daiteke?
Ez dago sekreturik, okela ona erabiltzea da gakoa, lehengai ona. Gainera, esan behar da jende askok egiten dituela txorizo onak hemen inguruan.

Euskaltzalea ere bazara.
Ni euskalduna naiz. Aitarengandik ikasi dut euskalduna izaten euskaraz hitz eginez –ahal den guztiekin–. Horregatik, askotan haserretu egiten naiz hemen bertan, bertako lau lagun gazteleraz berba egiten entzutean. Danetik jakitea ondo dago, baina hemen ez dago zertan gazteleraz egin. Hala ere, borroka horrekin nekatu naiz dagoeneko.

Uste duzu gero eta gehiago egiten dela gazteleraz?
Gaur egun gazteak euskaraz alfabetatuta daude, denek dakite euskaraz, baina behin edade batera heltzean gaztelerara joten dute askok. Nire ustez ez dago Euskal Herririk euskara gabe. Hika ere asko galdu da. Gainera, emakumeari gizonezkoari bezala berba egiten zaio; hori ez bereizteak min handia ematen dit. Jende helduak ere egiten du hori: ze gurok pa? esaten didate niri, adibidez. Pena handia ematen dit horrek.

San Migel jaiak ospatu berri dituzue auzoan. Sukaldari lanak egitea egokitu zaizu. Saltsa guztietan sartuta zaudenetakoa zara?
Egubakoitz gauean zozketatutako txerrikumea niri egokitu zitzaidan; bada, hori da San Migel egunez prestatu dudana, auzotarrek jateko. 20 bat lagun elkartuko gara bazkaritarako.

Santikurtz ermita zaintzeko ardura ere zuk duzu?
Bai, gure etxeko ardura izan da hori bizi guztian. Ermita txukundu eta garbitu, hara botatako dirua jaso, kandelak izutu... Ekaineko lehenengo domekan meza egiten da eta egun hartarako ermita txukuntzea nire ardura izaten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak