Kofradiak 500 urte dituela jakin badakite hainbat dokumentuk hori horrela baieztatzen dutelako; hala ere, gaur egun ezagutzen den kofradiaren lehenengo dokumentu idatzia 1799koa da. Hainbat historialarik idatzi dute kofradiaren gainean: besteak beste, Migel Madinabetiak, Gabriel Jauregik, Micaela Portillak eta Jesus Mari Elejaldek. Testu horietan eta kofradiaren aktetan oinarrituta idatzi du liburua Velez de Mendizabalek.
Kofradia, Jainkoa gurtzeko
Kofradia zertarako sortu zen azaldu du Velez de Mendizabalek. Batetik, Ama Birjinaren bitartez Jainkoa gurtzeko; eta, bestetik, kofradeak hiltzen zirenean heriotzak ekar litzakeen gastuak arintzeko eta etxekoei laguntzeko.
Cofradia de los Hijosdalgo
Sortu zenetik, hainbat aldaketa izan ditu kofradiak. Hasierako batean Cofradia de los Hijosdalgo zen izena; eta, 1845ean kofradia edozeinentzat zabaldu zuten.
Udalaren izenean daude hainbat ondare
Kofradiak hainbat ondare zituen: baseliza eta inguruetako zelaiak, esaterako. Bada, XIX. mendean konturatu ziren desamortizazioak zirela-eta, ondare horiek jabetza pribatura pasatzeko arriskua zegoela; hala, Udalarekin ezkutuko hitzarmena egin zuen kofradiak eta ondare horiek Udalaren izenean ipini zituzten.
1948an, orduko alkate Lasagak, Udalaren izenean onartu zuen desamortizazioak tarteko operazio hori egin zutela baina ondare horien jabea kofradia dela.
Irailaren 13an ospakizuna
Domekan izango Ama Birjina eguneko ospakizuna. 13:15ean liburua aurkeztuko dute eta ondoren batzar nagusia egingo dute. Egun, 131 kofrade dira.
Liburua 10 euroren truke egongo da salgai Aramaioko Okindegian, Liburutegian eta Udaletxean, eta Arrasaten Elkar liburu dendan.