Tradizio eta ospe handia duen jaia izaten da; hala, Aramaioko, Oletako, Maringo, Otxandioko, Gasteizko eta Legutioko jendea elkartu ohi da ospakizunean.
Salda eta txorizoa
Gure Aterpea elkarteko lagunek antolatzen dute ospakizuna. Salda, txorixo eta edariekin hasiko dute eguna. 11:00etan izango da hori. 12:00etan meza santua esango dute ermitan bertan. Mezaren ondoren trikitilariek girotuko dute jaia bazkalordura arte.
Gorritiren animaliak
14:30ean bazkaltzeko ordua izango da. Arratsalde partean, etxeko gaztetxoen gusturako Gorriti eta haren animaliez, gozatzeko aukera egongo da. 17:00etan hasiko da ikuskizuna. Horrez gain, arratsaldean zehar trikiti doinuek hartuko dute Marixeka ingurua.
Gerra aurretiko ohiturak
Marixeka baseliza inguruetako zaharrenetakoa da, baina gerra garaian suntsitu egin zuten, eta, ondorioz, erromeria eguna galdu egin zen. Gerra ondoren, Gure Aterpea elkarteko lagunek eliza berritu eta erromeria berriz ere antolatzen hasi ziren, aspaldiko ohitura hori berreskuratzeko asmoz. Aurten 35. erromeria antolatuko dute.