Lan horiek egiteko soberakinetik 50.000 euro hartuko dituzte. Behin tramite administratiboak bukatutakoan egingo dituzte lanok.
Hirigintza arloan, 2016-2017 Obra eta Zerbitzuen Foru Planerako bi proposamen aurkeztea onartu du Udalak: Gureiako azpiegiturak konpontzeko obra –519.000 bat euro– eta Matxinkale zabaldu eta txukuntzeko plana –382.000 bat euro–. "Obra handiak egiteko diru-laguntza programa izaten da Foru Plana. Kasu honetan, bi proposamen aurkeztuko ditugu. Diputazioak erabakiko du zeri emango dion garrantzia; ematen digun erantzunaren arabera erabakiko da zer eta zela egin", dio Altuna alkateak.
Euskara ikasteko laguntza
Euskara eta hezkuntza arloan, euskara ikastea sustatzeko diru-laguntzak onartu zituzten aho batez: 1.500 euroko partida. "Publikatzen direnetik azaroaren 6ra arte egongo da laguntzak eskatzeko aukera. Egongo diren eskaera guztien artean banatuko da dirua", nabarmendu du alkateak. Baldintza izango da: asistentzia %80koa izatea. Gehienez, ikastaroaren balioaren %80a emango zaio eskatzaileari. Partida horri beste 1.000 euro gehitu ahal zaizkio: "2005eko ordenantzatan onartu zen partida bat euskarazko errotulazioa edo bestelako idatziak euskaraz egiteko laguntza eskaintzen duena. Hor ez balego eskaerarik, partida hori pasatuko litzateke euskara ikasteko laguntzetara", dio Altunak.
Alkateak irailaren 1etik aurrera jasoko du ordainsaria
Udal kargua betetzeagatik alkateak jaso beharreko ordainsaria ere onartu zuten –EAJ abstenitu egin zen–. 37.600 euro gordin urteko, 14 pagatan banatuta. Irailaren 1etik aurrera jasoko du ordainsaria: lan jardun osoan egongo da lanean alkatea.
AABeko administrazio kontseiluan aldaketak
AABko administrazio kontseilua hiru kidek osatzen dute: lehendakaria, lehendakariordea eta idazkaria. Ordezkariak banatu ziren osoko bilkuran –ekainak 23– EAJk ez zuen batzorde burutzarik hartu. EH Bilduko sei zinegotzien artean banatu zituzten batzordeetako ardurak, eta baita AABeko administrazio kontseilua ere. Horren aurrean, EAJk eskaera egin dio Udal Gobernuari administrazio kontseiluan parte hartzeko.
EAJk argindar enpresako administrazio kontseiluan parte hartzeko egindako eskaerari baiezkoa eman dio Udal Gobernuak: hala, AABko lehendakariordea EAJko Rafael Bengoa izango da –Martin Arriolabengoaren lekua hartuz–. Lehendakaria Lierni Altuna da eta idazkaria Cristina Etxenausia.
Homofobiaren aurkako mozioa
Homofobiaren eta transfobiaren aurkako mozioa onartu zuten aho batez: hainbat herrialdetako enbaxadetara adierazpen instituzionala bidaliko dute, herrialde horietan egon diren erasoak gaitzetsi eta neurriak har ditzaten eskatuz.