Lierni Altuna: "Praktikotasunagatik batzorde kopurua murriztu egin dugu"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2015ko eka. 26a, 08:00
Alkate izendatu zuten egunean Cristina Etxenausiaren zoriona jasotzen.

Ekainaren 13an hartu zuen Altunak Aramaioko alkate kargua. Herritar batek esan dion moduan, "aireportua" ezagutzen du "baina hegazkina ez". Martitzenean egin zuten batzordeen eraketa eta hamar batzorde izatetik zazpi batzorde izatera pasa dira. Lehentasunen artean, plan foralaren diru-laguntza eskatzea dute.

Orain arte zinegotzi lanetan ibili zara. Alkate kargua hartzeak ze ezberdintasun du?
Nik uste dut oraindik ezin dudala baloratu. Aste luze hau intentsua izan da. Eskualdatzea egiten ibili naiz, eta zinegotzi berriei gauzak erakusten. Ondo hasi dugu eta pozik gaude!

Zer sentitzen da horrelako ardura bat hartzean?
Ardura galanta! Azkeneko lau urteetan non izan ditugun hutsuneak badakit, eta horren pisua era badaukat gainean. Orain koordinatzaile lana egitea tokatu zait. Lan egiteko gogoarekin nago; bestela lau urte luze egingo dira!

Zein izan da hartu behar izan duzun lehenengo erabakia?
Ez dakit sinatu dudan lehenengo papera zein izan den. Baina, lehenengo egun hauetan egin duguna izan da aurreko legegintzalditik zetozen zenbait dokumentu sinatu. Hurrengo lau urteei begira, antolamendua nolakoa izan behar den erabakitzea da egingo dugun lehenengoa.

Eratu dituzue batzordeak. Aldaketarik egon da?
Bai, sail berririk ez dago baina praktikotasunera jo nahi izan dugu. EAJri eskaini genizkion batzordeak baina erantzun digute nahiago dutela oposizioan lan egitea, era eraikitzaile batean. Hala, sei zinegotzi izanda, praktikotasunera jotze aldera, proposatu dugu hamar batzordetik zazpi batzorde izatera pasatzea.

Zeintzuk dira lehentasunak?
Proiektu aldetik gainean daukagu plan foralaren diru-laguntza eskatzea. Horiek izaten dira obra handiak –Etxaguen, Azkoaga...– egiteko. Bestalde, arloen alorreko azterketa bat egingo dugu. Dagoena mantendu eta konpondu beharrekoa konpontzeko.

Jaiak gainean dituzue. Dena gertu duzue?
Jaiei begira aldaketa batzuk egingo ditugu: eztabaidatu ostean, erabaki dugu ez garela Udal moduan mezetara joango. Uste dugu instituzioak laikoak izan behar direla. Elizara joatea norberaren eskubide indibiduala dela uste dugu. Orain arte Udaletxetik elizara kalejira egin izan da, eta baita meza amaitutakoan elizatik Udaletxera ere, dantzariekin. Ulertzen dugu kalejira horren garrantzia, eta jendeari hori gustatzea; horregatik, meza ostean elizako eskaileretan elkartu eta handik Udaletxera etorriko gara. Moldaketa hori egitea erabaki dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak