Lizarran ikusitako ekintza
Cristina Etxenausia da lehiaketaren bultzatzaileetako bat: "Lizarrako jaietan izan ginenean ikusi nuen lehenengoz irrintzi lehiaketa. Ideia ona iruditu zitzaigun, ikusteko polita gainera". Hala, Aramaioko jaietan antolatzeko moduko ekintza zela pentsatu eta lanean hasi ziren: "Hasiera batean, nire asmoa zen jaietako astelehenean egitea, izan ere, oso egun tristea izaten da". Baina, jai batzordearekin berba egin ostean zapatuan egitea erabaki dute.
"Ekintza polita dela uste dugu", azaldu du pozik Etxenausiak. Gainera, batzuek dagoeneko eman dute izena lehiaketan.
Gazteak eta nagusiak
Bi mailatan banatuko dute lehiaketa: batetik, 14 urtera artekoen maila egongo da; eta, bestetik, 14 urtetik gorakoena. Txapelketa Ibarran egingo dute, plazan. Aramaioko trikitilariek girotuko dute arratsaldea. Irrintzilari bakoitzak bi irrintzi bota beharko ditu –jende asko apuntatuko balitz behin botako dute irrintzia–.
Epaimahaia osatuko dute herriko lau bertsolarik. Irrintzia baloratzerako orduan kontuan izango dute: iraupena, doinua, indarra eta amaiera. Berdinketa egongo balitz, berriro ere errepikatu beharko lukete irrintzia. Sariak izango dira: nagusien mailan, lehenengoarendako bazkaria edo afaria bi pertsonarendako; eta, bigarrenarendako gazta eta ardoa. Gazteen mailan: lehenengoak 25 euroko Eroskiko bonua irabaziko du, eta bigarrenak 15 euroko Eroskiko bonua.
Eskolan irrintziak ikasten
Etxenausiak esan du dagoeneko 11 lagunek eman dutela izena lehiaketan –denak emakumezkoak–. Gainera, eskolan, 8 urte inguruko umeak irrintziak nola bota ikasten dabiltza.