Iaz eskaerak erantzuna izan zuen eta ordezko mediku euskalduna jarri zuten. Aurten, ordea, "egoera bestelako" dela azaldu du Montesek. Ordezko mediku euskaldunik ezean, Arrasateko mediku euskaldunei proposatu die zuzendaritzak Aramaiora joatea, aldi berean mediku euskaldunak zigortuz (lanpostu finkoa duen mediku euskalduna mugiaraziz edo lekualdatuz, inoiz egin ez denean) eta baita euren paziente euskaldunak ere. “Euren betiko mediku euskalduna lekuz aldatuko dute eta ordezko mediku erdaldun bat jarriko dute”, azaldu du Montesek. Gainera, mediku horren pazienteek bi hilabetez egongo dira betiko medikurik gabe –medikuaren oporraldian, eta medikua Aramaioko postua betetzera doan hilabetean.
Agerraldia egingo dute ekainaren 17an
"Aurrerantzean, ez omen dugu ordezko mediku euskaldunik eskatuko, gure lankideak ez izorratzearren", dio. "Erabaki horren aurka, Arrasateko medikuok idatzi bat sinatu dute eta gure unitateko zuzendaritzari bidali diogu (Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratua)", azaldu du. Gainera, agerraldia deitu dute ekainaren 17rako –13:00etan ospitale aurrean–. Debagoieneko alkateak gonbidatu dituzte agerraldian parte hartzera, eta baita euskalgintzan diharduten erakundeak ere; besteak beste, Behatokia.
“Ordezko mediku euskalduna bidali ala ez, egoera ez da onargarria. Urtero eskatzera behartzen gaituzte, jakinaren gainean egonda. Gaur egungo egoerak erantzun globala edo orokorra behar luke, bestela horrela egongo gara urtez urte”, azaldu du Montesek, eta gaineratu du: “Onartuko al genuke euskaraz ez dakien irakasle bat? Bada, egoera bera da”.
Aramaio herri euskalduna dela kontuan hartzea eskatu du; eta, horrez gain, Montesek dio egoerak beste erpin bat ere baduela: “Pazienteen gaineko informazio dena euskaraz idatzita dago; horregatik, beharrezkoa da Aramaioko ordezko medikuak euskara jakitea”.