Agintaldiko azkeneko osoko bilkuran Gantzagan egurrak kargatzeko tokia egokitzea adostu dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2015ko mai. 20a, 12:57

Joan zen asteko eguenean agintaldia agurtzeko bilkura egin zuen egungo Udalbatzak. Hartutako erabakien artean, Gantzagarako bidean egurrak kargatzeko tokia egitea adostu zuten. Horrez, gain herritar  batek dohaintzan eman duen hariztia ere onartu zuten: aisialdirako parkea egin duten han, Salaberri Agestoixe.

Egurrendako kargalekua

Gaur egun Foru Aldundiarena den errepide zatia Udalarena izatera pasako da. "Egun oso leku txikia dago horretarako, eta askotan kamioak A-4026 errepidean geratzen dira, trafikoa oztopatuz", azaldu zuen alkateak.Errepide zatia Aldundiarena denean arau batzuk errespetatu behar dira horrelako lanak egiterakoan; Udalarena denean, aldiz, beste arau batzuk daude. Modu honetan, "kargaleku handiagoa" egiteko aukera izango dute. Alkateak "premiazkotzat" jo du lanok egitea. 9.000 euroko aurrekontua dago, eta Aldundiko mendi sailak %51ko laguntza emango du.

Salaberri Agestoixe

Azkoagako bide zaharraren inguruan aisialdirako parkea egokituko dute, eta Salaberri Agestoixe izena jarriko diote. "Herritar batek dohaintzan eman dio hariztia Udalari", azaldu zuen alkateak. Hainbat baldintza bete beharko ditu Udalak: besteak beste, erabilera publikoko parkea egokitzea eta motordun ibilgailuendako sarrera debekatzea. "Oso polita da eta leku onean dago hariztia", gaineratu zuen alkateak.

Diru-laguntzak

Auzoetako jaietarako 13.500 euroko diru-lerroa onartu zuen Udalbatzak aho batez. Eskaerak jaiak hasi baino hilabete lehenago aurkeztu behar dira udaletxean. Horrez gain, talde soziokulturalendako 17.580,16 euroko diru-lerroa onartu zuten. Arabako aldizkari ofizialean argitaratu eta 20 egun naturaleko epea egongo da eskaerak aurkezteko.

Plan orokorra jende aurrean

Aramaioko hiri antolamendurako plan orokorraren espedientearen jende aurreko epea luzatu egin dute: beste 45 egunez egongo da ikusgai.

Eskolako ikasleen mozioa

Herri eskolako ikasleek eskola garraioaren gaineko mozioa aurkeztu zuten: “Aramaio landa eremuko udalerria da, 17 auzoek osatzen dutena, beraien artean Ibarra (erdigunea da, eta bertan zerbitzu publikoak kokatzen dira: Udala, osasun zentroa, eskola, …) eta beste 16 landa auzo txiki, bailaran sakabanatuta.
Landa auzoak Ibarrakin konektatuta daude Foru Sareko errepideen bitartez, ibilgailuen zirkulaziorako egokituak, baina inolako espaloi edo bide alternatiborik gabe, oinezkoen segurtasuna garantizatzen duenik.
Azkoaga eta Barajuen auzoetatik erdigunera dagoen distantzia kontuan hartuta eta ez dagoenez oinezkoen segurtasuna bermatzen duen ibilbiderik, bertan bizi diren ikasleek eskola garraioa erabiltzen dute SAN MARTIN ikastetxera joateko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak kudeatzen duen garraioa.
Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Sailburuordetzak eginiko TE-1-2012 zirkularrean jasotzen da zeintzuk diren haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta DBH mailetan eskola garraioa zehazteko kontuan hartuko diren irizpideak. Bertan, 1. artikuluan aipatzen da eskola garraioa erabiltzeko bete beharreko baldintza dela ikastetxea 2 kilometrotara edo gehiagora izatea; eta distantzia kalkulatuko dela ikaslearen etxebizitzatik.  
Azkoaga eta Barajuen auzoen kasuan, Ibarran kokatzen den ikastetxeraino dagoen distantzia 2 kilometro baino gehiagokoa da, beti ere irisgarri dagoen bide bakarretik joanda.
Hau da, ezin da inondik inora distantzia hori neurtu Ibarra eta Barajuen lotzen duen pista traketsa kontuan hartuta. Nahiz eta Google Maps-en agertu, pista hau guztiz ibilgaitza da, ezin da bertatik igaro. Gainera, pista hau A-2620 Foru Errepidean bukatzen da (Aramaioko saihesbidean, non abiadura muga 90 kilometro orduko da), eta derrigorrez zeharkatu beharra dago ikastetxeraino heltzeko.
Bergarako Komisaldegiko Landa Patruilak eginiko txostenaren arabera (2014ko urtarrilaren 22an), pista horrek ez ditu segurtasun neurriak betetzen ikasleek erabiltzeko, izan ere nekazal erabilera du, oinezkoen zirkulaziorako baldintza txarrak ditu, aldapa handia du eta ez du argiztapen artifizialik (oinezkoen zirkulaziorako arrisku larria suposatuz).Txostenak gaineratzen du pista horretatik Ibarra auzoraino iristeko, ikastetxea kokatzen den tokiraino, beharrezkoa dela A-2620 foru errepidea zeharkatzea, horrek segurtasunerako dakarren arriskuekin.
Hau guztia kontuan hartuta, ARAMAIOKO Udalbatzak dei egiten dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari eskaera hau tramitatu dezan lehen-bai lehen:
1.- ARAMAIOKO SAN MARTIN LHI ikastetxeak garraioarekiko duen egungo egoera eta beharrak aztertzea, Aramaioko baserri auzoak kontuan hartuta, eta Barajuen eta Azkoaga kasuetan, ikasleen etxebizitzetatik ikastetxeraino dagoen distantzia kalkulatzeko nekazal erabilera duen pista ez hartzea kontuan, ez baititu segurtasuneko gutxieneko baldintzak betetzen.
2.- Erakunde eskudunak ebazpena eman dezala, Azkoaga eta Barajuen auzoetan helbideratuta dauden ikasleak Eusko Jaurlaritzak ARAMAIO-SAN MARTIN LHI ikastetxerako kontratatua duen eskola garraioaren erabilpena bermatuz, eskubide horrek dakarren bestelako eskumenak barne, baita eskolako jangela erabiltzeagatik dagoen kuotaren murrizketa ere.”

Alkatearen agurra

Ramon Ajuriak "eskerrik zintzoena" eman zien alboan izan dituenei, "udaleko jardunean kolaboratu" dutelako. "Herriaren alde" lan egiten ahalegindu dela gaineratu zuen. Jarraian testu osoa:

"Hemen bildutako guztioi zuzentzen naiz nire eskerrik zintzoena emateko. Legealdiko lau urte hauetan ondoan izan zareten zinegotzi, udal langile, eta oro har, laguntzeko gertu izan zareten herritarroi eskerrik zintzoena ematen dizuet. Zuetariko bakoitzak, zuen modura, Udaleko jardunean kolaboratu duzue. Horregatik, jakin ohorea izan dela zuokin egunez egun proiektu hau konpartitzea; orain dela lau urte ekin genion bidea konpartitzea. Esan nahi dizuet herriaren alde lan egiten ahalegindu naizela, eta herriaren egoera hobetzera dedikatu dudala nire denbora eta indar guztiak. Hala ere, seguru nago batzuetan ez naizela gai izan herritar guztien beharrak asetzeko baina kasu horietan be prestutasunez eta zintzotasunez  jokatu dut, beti. Labur bilduz, gustatuko litzaidake egin dugun gestio onagatik gogoratzea. Benetan, uste dudalako kontzejalen taldeak gogor egin duela lan, elkarrekin, helbide berdinean indarra eginez. Eta benetan diot bukatzeko, oso harro nagoela zuokin guztiokin! Mila esker denoi bihotzez!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak