Zorionak! Nola joan zen tesiaren defentsa?
Eskerrik asko. Oso ondo, hasieran oso urduri nengoen baina uste baino azkarrago pasatu zen. Babes handia izan nuen lagunen eta familiaren aldetik.
Deba arroaren bilakaera ikertu duzu. Zein ikuspuntutik?
Bailara baten bilakaera oso ikerketa zabala da, eta elementu geomorfologiko asko barneratzen ditu. Deba ibaiaren arroan orain arte ez da horrelako ikerketarik egin, eta beraz, zerotik abiatu gara. Hau horrela, hiru ikerketa gune edo lerro nagusi banatu dira tesian: batetik, kostaldean dauden Arno eta Izarraitz mazizo karstikoen ikerketa; bestetik, Deba ibaiaren bilakaeraren ikerketa; eta, azkenik, Lezetxiki II aztarnategi arkeologiko eta paleontologikoaren sedimentazioaren ikerketa.
Non aurkitu dituzu Deba ibaiaren aztarnarik zaharrenak?
Deba arroa, inguruan aurkitzen diren Kantauriar isurialdeko arroak bezala, altxatze tektoniko baten ondorioz hasi zen sortzen. Altxatze horren ondorioz kantauriar isurialderantz bideratzen ziren erreka ezberdinak sortu ziren, eta hauen bilakaerak gaur egun ezagutzen ditugun arroak sortu dituzte. Zentzu horretan, ibaiaren aztarnarik zaharrenak egungo errekaren kotatik 120 metro gorago aurkitu ditugu, eta uste dugu, ia orain dela milioi bat urtekoak direla. Hau da, orain milioi bat urte, Deba ibaia gutxienez gaur egun baino 120 metro goragotik igarotzen zela uste dugu.
Geologia aldetik, zein izan da Deba arroak izan duen bilakaera?
Deba arroaren bilakaeran eskala ezberdineko hainbat gertakari geologiko nagusi ezberdintzen dira. Batetik komentaturiko lurrazalaren altxatze tektonikoak maila freatikoaren jaitsiera eragin zuen, eta ondorioz errekak bailarak higatzen joan ziren. Bestetik, kuaternarioan eman diren aldaketa klimatikoek, prozesu geologiko ezberdinen tartekatzea eragiten zuen, glaziazio garaietan prozesu mota batzuk gailenduz, eta epelaldietan berriz beste batzuk. Hala ere, orokorrean higadurazko prozesuak gailendu dira, erregistro geologiko zein paleontologiko edo arkeologiko asko deuseztatuz.
Lezetxiki II koba ere aztertu duzu. Zer esan dezakezu horren inguruan?
Lezetxiki II kobazuloko indusketak 2011n bukatu ziren, eta dagoeneko emaitza ikusgarri batzuk eman ditu, besteak beste, Euskal Herriko lehen makakoa agertu zen, eta baita egun Errusian aurkitzen den sagu txiki bat ere. Guk, Lezetxiki II kobako betekin sedimentarioaren estratigrafia aztertu, eta garai ezberdineko nibel bakoitzean analisiak egin ditugu. Azkenean datu arkeologiko, paleontologiko eta geologikoak konparatuz, garai klimatiko hotzetan kobazuloan kanpoko uren jariatzea maiz gertatzen zela ikusi dugu, eta garai klimatiko epeletan berriz espeleotemak hauspeatu eta kobazulo gainean aurkitzen diren lurzoruen infiltrazioa gertatzen zela ikusi dugu. Honela aztarnategiaren bilakaera ulertu ahal izan da.
Orain nola edo norantz jarraituko du Deba ibaiak?
Egun Deba ibaia gizakiak hartuta dago. Iragan osoan ez dugu aurkituko gaur egungo bezalako egoerarik. Ingurugiro baldintzek eragina izaten jarraituko dute, baina eragile edo agente geologiko nagusia gizakia izango da, eta ondorioz gizakiak baldintzatuko du arroaren bilakaera. Ahalik eta kalte gutxien eragiteko ezinbestekoa da lurralde antolamendu on bat izatea, eta honetarako ingurugiroan ematen diren prozesu geologikoak ezagutu behar dira, besteak beste, iraganeko prozesuak ikertuz.