Ingurumen arloan aurreikusten da birziklatzeko gune bat egitea, Murugaingo indusketaren hirugarren fasea gauzatzea, bide zaharrak berreskuratzea eta biomasa proiektua martxan jartzea, besteak beste.
Biomasa: laguntza berriak
Astelehenean bilera "garrantzitsua" izan zuten Jaurlaritzako, Euskal Energiaren Erakundeko eta HAZIko ordezkariekin. Izan ere, biomasa proiektuaren lehen fasea aurten esleitu gura du Udalak: "Herritarren azken atxikimenduak falta dira. Konprobatzen ari gara norberaren etxean aldaketak egitea oso zaila dela baina berri on bat daukagu horren gainean: EEEtik diru-laguntza bat irtengo da eta laguntza horrekin partikularrek ordaindu beharrekoa erdira joango litzateke. Izan ere, pena handia izango litzateke laguntzetatik kanpo geratzea proiektura orain ez atxikitzearren", adierazi zuen Ajuriak.
Beste zenbait inbertsio
Bestalde, abendutik zirriborroa eginda egon arren, Ajuriak onartu zuen aurrekontua berandu eraman dutela osoko bilkurara. Batetik, herritarrekin abiatutako parte-hartze prozesua aipatu zuen: "Guretako oso garrantzitsuak dira herritarren ekarpenak". Gainera, ekainetik udaletxean kontu-hartzailerik ez egoteak ere atzeratu du prozesua: "Beste administrari bati eman genion txosten guztiak egiteko lana eta oso lanpetuta ibili da". 2015erako aurreikusten diren lanen artean honako hauek daude: San Martin eskolako berogailu sistema berritzea –galdara berria jartzeko 42.000 euro pasatxoko partida aurreikusten da–, Ibarrako argiteria publikoa berritzeko hirugarren fasea egitea, kiroldegiko obren bigarren fasea bukatzea, auzoetan behar diren konponketak –lurjausiek eragindakoak, besteak beste– "lehenbailehen" egitea eta auzoetarako hirigintza planak zehaztea.
EAJ: "Gastu arrunta itzela da"
EAJko Iñaki Nafarratek aurka bozkatu zuen: "Aurrekontuak ez ditu aramaioarren arazoak konpontzen. Bestetik, eskerrak Aramaioko Argindar Banatzailea enpresatik 160.000 euroko etekina eta foru-funtsetik [FOFEL delakoa, Diputazioko laguntza] 100.000 euro gehiago etorri direla, bestela arazo serioa egongo litzateke aurrekontua ixteko. Bide honetatik jarraitu ezkero, egungo arazoak larritu egingo dira; pertsonaleko eta udal-egiturako gastuak eta gastu arrunta itzelak dira". Horrez gain, Nafarratek salatu du aurrekontua "oso berandu" onartu dela: "Gehiengoa duen gobernu batek martxo amaieran onartzea oso berandu da. Gainera, memoria gazteleraz bakarrik dago, eta hori ezin da onartu. Autokritikarik ez badago, nik kritikatuko dut".